Prentsa oharra 2014ko martxoaren 20a

Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa, euskara sustatzearen eta normalizatzearen alde

Hitzarmenaren helburua euskara sustatzea, normalizatzea eta egokiro erabiltzea izango da eta bost urteko iraunaldia izango du

Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa, euskara sustatzearen eta normalizatzearen alde

Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, ostegunarekin, Bilbon. Hitzarmenaren helburua euskara sustatzea, normalizatzea eta egokiro erabiltzea izango da eta bost urteko iraunaldia izango du. Akordioa Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak izenpetu dute, beraiekin izan direla Xabier Kintana eta Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkaria eta idazkariordea, hurrenez hurren, eta Irune Zuluaga, Sabino Arana Fundazioko zuzendaria. Hala Andres Urrutiak nola Juan Mª Atutxak, hitzarmen hori sinatzeak ematen dien poza adierazi dute,  ezen esparru berri bat irekitzen du, erakunde biek elkar hartuta lan egin dezaten kalitateko euskara-eredu bat finkatzen eta hedatzen. 

Lankidetzak hartzen dituen arloak dira, besteak beste, gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika, euskalkien erabilera, etab. Ildo horretan, Sabino Arana Fundazioak bereganatzen duen konpromisoa da, berak antolatzen dituen jarduera guztietan (hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak, erakusketak, etab.), Euskaltzaindiak  euskararen esparruan ezartzen dituen arauak eta iradokizunak erabiltzea. Euskaltzaindiari dagokionez, konpromisoa da, Sabino Arana Fundazioari, Fundazioak berak eskatzen dizkion aholkularitza eta gomendioak eskaintzea, hark bere eguneroko eginkizunean hizkuntza  egokia eta normalizatua erabil dezan.

Gainera, Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak garatzen diharduen “Lexikoaren Behatokia” izeneko egitasmoan ere parte hartuko du; zeregin horretan UZEIk, Elhuyarrek eta UPV-EHUko Ixa taldeak ere parte hartzen dute. Egitasmoaren helburu nagusia da, kontsulta-korpus bat antolatzea (lexikoarenbehatokia.euskaltzaindia.net). Horretarako, Fundazioak  Euskaltzaindiari helaraziko dizkio berak sortzen dituen euskarazko testuak.

Nolanahi ere,   Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa aspalditik ari dira  harreman estua izaten euskararen sustapenaren arloan. Elkarrekin egindako jardueretan, besteak beste, honako hauek nabarmen daitezke:

2014ko otsailaren 21ean  mintegi bat antolatu zuten elkarlanean, desagertzeko arriskuan dauden  europar hizkuntzen errealitatea eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasuna  aztertzea xede. Aipatu jardunaldian parte hartu zuten Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekide biek, hau da, François Alfonsik (Berdeak-ALE Taldekoa) eta Csaba Sándor Tabajdik (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldekoa), zenbait eurodiputatuk eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten  erakunde eta elkarte batzuetako ordezkari zenbaitek.

2007ko azaroan, erakunde biek antolatutako beste elkarraldi batean, “Euskararen Legea, 25 urte Euskal Autonomia Erkidegoan” gaiaz hitz egin zen. Jardunaldi hartan arloko 40 bat adituk gogoeta egin zuten  10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen gaineko zenbait gairi buruz.

2004ko azaroan Inés Pagola EHUko Euskal Filologia Saileko irakaslea Sabino Aranak euskaran sortutako hitz berriei buruz mintzatu zen.

Eta 2003an, euskararen eta euskal kulturaren ordezkari zenbaitek Sabino Aranak esparru horretan izan zituen ideiak, egitasmoak eta eragina aztertu zituzten, beraren heriotzaz geroztik 100 urte igaro ondoren.

Gogoratu behar da, halaber,  Euskaltzaindiak  1994an  Sabino Arana Sarietako bat jaso zuela euskararen alde egiten duen lanagatik.