Prentsa oharra 2023ko urriaren 6a

Europa ahalegin betean deskarbonizazioa arintzeko, energia garbiak baliatuz

  • Europa jasangarri eta beregaina lortzeko helburuz, Europako adituek trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien erronkak nagusiak aztertu dituzte SAFen.
  • Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatu du jardunaldia.
Partehartzaileak. Partehartzaileak.

Energia-politikaren eraldaketa Europar Batasunaren lehentasunezko arlo nagusietakoa izan da azken urteotan. Izan ere, Europaren kanpoaldearekiko mendekotasun energetikoa, gaur egun pairatzen ari garen gertakari geopolitiko iskanbilatsuak eta eta ezin ukatuzko klima-aldaketa zein hark ekarritako haren ondorio kaltegarriak, funtsezko gai bilakatu dira gure egunerokoan; bestalde, energia fosiletan oinarritzen den egungo eredua, argi denez, jasangaitza da.

Ingurumari horretan, Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP), Sabino Arana Fundazioarekin (SAF) lankidetzan, jardunaldi bat antolatu du Europak gaur egun eta, inolako zalantzarik gabe, datozen urteetan aurre egin beharko dizkie erronka teknologikoak eta energetikoak aztertzeko helburuz. Europako adituek eta euskal industriaren nahiz enpresen ordezkari ezagunek parte hartu dute jardunaldian.

‘Lehiakortasuna eta iraunkortasuna etorkizuneko erronka teknologiko eta energetikoen muinean’ deritzon jardunaldi horren hasieran, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek «deskarbonizazioaren premia larria» eta «energia garbien inplementazioa» azpimarratu ditu.

Hala eta guztiz ere, aitortu duenez, lasterketa teknologiko honetan, sektore guztietan ez bada ere, «Europak desabantaila nabarmena dauka lehiakideen aldean, batez ere, Txinaren aldean. Aitortu beharra dago Ameriketako Estatu Batuek eta Asiako herrialdeak duten abantailetako bat, Inflazioa Murrizteko Legeari esker, nazio horietako industria berdeak jasotzen dituen dirulaguntza publiko ugarietan datzala».

Horregatik, Sabino Arana Fundazioren presidentearen esanetan, aro teknologiko berri honetan, «Europak batasun handiagoa eta zatiketa txikiagoa behar ditu, bai eta inbertsio gehiago eta arauketa gutxiago ere, hau da, paper-lan gutxiago, baina segurtasunari uko egin gabe. Europarrok oztopoak eta trabak kendu behar ditugu AEBk eta Txinak, herrialde horietako ekonomia deskarbonizatzea helburuz, lehiaketa teknologikoaren esparruan ezartzen dituzten erritmo bizietara egokitzeko».

Zaratek esan duenez, «zalantza izpirik gabe, iraultza berde eta digitalaren aro berri hau beste erronka bat da Euskadirentzat».

«Gure industria-ehunak, berrikuntzarako gaitasun handia eta nazioartekotzeko gaitasuna duenak, gas-azpiegitura sendoek, industria-portuek eta penintsulan bertan daukan kokapen geografikoak, makroeskualde atlantikoaren testuinguruan, egundoko aukerak ematen dizkigute XXI. mendeko euskal industria deskarbonizatzeko eta eraldatzeko», adierazi du.

Beste alde batetik, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, Euskadi engaiatuta dago garapen jasangarriarekin eta nazioartean adostu diren klima-helburuekin, eta berretsi egin du «bide onetik goazela, 2050. urtean, karbonoari dagokionez lurralde neutroa eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean, lurralde erresilientea izateko».

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren arabera, «energia berriztagarrien, natura-ingurunearen kontserbazioaren, biodibertsitatearen edo ekonomia zirkularraren aldeko apustua partekatu behar dugu». Tapiak azpimarratu duenez, «klimaren aldeko akordio soziala zabaltzearen aldeko erronkari ekiten jarraituko dugu, gure ‘Basque Green Deal’ delakoan oinarrituta».

Era berean, «paradigma aldatu dela» eta «Euskadi ere aldatzen ari dela» esan ostean, Arantza Tapiak ziurtatu du «deskarbonizazioaren arloan lortutako emaitza batzuek argiro erakusten digute bide onetik goazela», baina, bestetik, zehaztu du «ezin garela horrekin konformatu». «Anbizioz jokatu eta erritmoa bizkortu behar dugu», esan du.

Beste alde batetik, Sandro Gozi PDE-EDP alderdiaren idazkari nagusiak adierazi duenez, «Europar Batasunaren energia-politikaren eraldaketa lehentasunezko auzia izan da urte askotan estatu kideentzat eta, are gehiago, Errusiak Ukraina inbaditu ondotik». Ildo horretan, azaldu du «Errusiako petrolioaren eta gasaren mendekoak ziren Europako herrialde askok estrategia aldatu behar izan dutela eta eraldaketa ekologikoari ekin».

Hala berean, Gozik ziurtatu du PDE-EDP alderdiarentzat «teknologia digitala eta trantsizio ekologikoa badirela XXI. mendeko Europaren funtsezko zutabeak, iraganean ikatza eta altzairua izan ziren bezala». «Europa emankorra eraiki behar dugu, baina gure planetarekiko harmoniatsua. Politika orekatu eta pragmatikoak babestu behar ditugu karbono-isuriak murrizteko, energia berriztagarriak sustatzeko eta garraiobide garbiagoak bultzatzeko», adierazi du buruzagi demokristauak.

Inolako zalantzarik gabe, energia garbia ekoiztea dugu EBren lehentasunetako bat. Eta helburu hori erdiesteko «gure jarduera bi zutabe handitan oinarrituko da», adierazi du Gozik: karbonoa desagerrarazteko asmo handiko politikak eta gure baliabide naturalen kudeaketa adimentsua egiteko estrategia argi eta garbia, ura babestuta eta gure ozeanoetatik hasita».

Babesa eskualdeko agintariei

PDE-EDP alderdiaren idazkari nagusiaren iritziz, ezinbestekoa da eskualdeko agintariei laguntzea energia-iturri garbiagoak gara ditzaten. «Horrek erregai fosilekiko mendekotasuna apalduko du eta, gainera, berotegi-efektuko gasen isuriak ere nabarmen murriztuko ditu», adierazi du.

Azkenik, Sandro Gozik nabarmendu du Europak garrantzi handia duela teknologia energetiko berritzaileen ikerketan eta garapenean, hala nola energia osmotikoan eta fusio-energian. «Energiaren arloan, EBko herrialde kideen arteko lankidetza areagotzea funtsezkoa da kontinente osoko segurtasun energetikoa bermatzeko», esan du.

Ivan Martén Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuko presidenteak trantsizio energetiko zer-nolako testuinguru geopolitikotan txertatu behar den aztertu du. Geroago, Christopher Grudler Industria, Ikerketa eta Energia Batzordeko europarlamentariak energia berriztagarrietan eta energia nuklearrean inbertitzearen alde agertu da. «Energia-iturri garbiak eta deskarbonizatuak dira, eta isuriak murrizten eta ‘berotze globalari’ aurre egiten lagun diezagukete. Frantzian, esaterako, energia nuklearraren bultzada ikusten ari gara, 6 zentral nuklear berri eraikitzeko proiektua dela eta. Frantziako gobernuak zentral nuklear berrien garapena zamatzen duen izapidetze administratiboa arintzeko legea ere onartu du. Baina bultzada hori ez da Frantzian bakarrik gertatzen ari, Europako beste herrialde askotan ere jazotzen ari da», ziurtatu du.

Grudler Europako Parlamentuan ari da lanean, kontinentean teknologia garbien ekoizpena bizkortu nahi duen testu legegile bat prestatzen, eta adierazi duenez, «ezin dugu energia garbiaren iturri bakar bat ere bazter utzi, eguzki-energia dela, haize-energia dela, ur-energia dela edo energia nuklearra dela. Denok behar ditugu. Hortaz, Europako gaia da, ez naziokoa soilik, eta fronte batu batek landu behar du, horrenbestez. Europar Batasunean, energia garbiaren inguruko ikuspegi globalaren alde jardun behar dugu. Zuen arreta eskertzeaz gain, eztabaida aberasgarria izan dadila opa dizuet».

Beste alde batetik, Christof van Agt Ross Riad hirian (Saudi Arabia) dagoen Energiaren Nazioarteko Foroaren (IEF) zuzendariak adierazi duenez, etorkizun jasangarria izango badugu «industria berritu eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanak ondo arautu behar ditugu». Halaber, adituak azpimarratu duenez, «energiaren merkatua eta energia-politika berrorekatu behar ditugu, hazkunde iraunkorra murriztu gabe eta klima-helburuei uko egin barik».

Europako Parlamentuko kide Izaskun Bilbaok aurkeztu eta moderatu du adituen lehen txanda hori.

Bigarren txanda, Iñigo Ansola EEE-EVE erakundearen zuzendari nagusiak aurkeztuta eta moderatuta, «Euskadiren trantsizio energetikoa lankidetza publiko eta pribatuko eredu lehiakor eta iraunkorrerantz» deritzon gaia jorratu da. Txanda horretan, ondokoek jardun dute: Aitor Arzuaga, ALBAko (Repsol-Petronor Taldea) zuzendari nagusia; José Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Klusterraren zuzendari nagusia; Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusia; eta Xabier Viteri, Iberdrolako Berriztagarrien Negozioen zuzendaria.

Aitor Arzuagaren arabera, «industria astunaren, itsas garraioaren eta abiazioaren deskarbonizazioa aukera garbia da erregai berriztagarriak eta bere balio teknologiko eta industrialeko katea oso-osorik garatzeko». Horren haritik, Petronorrek abian dituen proiektuetako batzuk nabarmendu ditu, hala nola «hidrogeno berriztagarria ekoizteko instalazioak eta, laster batean, Bilboko portuan erregai sintetikoak ekoizteko eraikiko den saiakuntza-azpiegitura».

Azkenik, José Ignacio Hormaechek adierazi duenez, «trantsizio energetikoak dakarren aukera handia planifikatu diren inbertsioetan euskal enpresek merkatu-kuota esanguratsua eskuratzean datza, jarduera ekonomikoa sustatuz eta, Euskadin bertan, lanpostu kualifikatuak sortuz». Era berean, haren iritziz, behar-beharrezko da «ikerkuntzaren eta garapenaren ikuspegitik oraindik ere ahalegin handia behar duten teknologietan aurrera egitea, eta Euskadin proiektu pilotuak eta frogantzakoak ezartzea: haize-energia eta itsas energia ustiatzekoak (azpiegitura flotatzaileak), hidrogeno berdearen ekoizpena eta kontsumoa, bero-ponpak, olatuen energia edo metaketa egonorra baterietan».