Prentsa oharra 2014ko irailaren 24a

Erandiok Bizkaira ekarriko du Zirardamendiko gudua “Goazen gudari danok…” erakusketaren bitartez

- Erakusketa irailaren 25etik urriaren 8ra egongo da ikusgai jendearentzat. Gero Leioara, Mungiara eta Santurtzira joango da, eta azkenik, Bilbora, itxiera ere hor izango delarik.

Erandiok Bizkaira ekarriko du Zirardamendiko gudua “Goazen gudari danok…”  erakusketaren bitartez

Elgoibarko Kultur Etxean hiru astean egon ondoren, “Goazen gudari danok… Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936 En defensa de la libertad” erakusketa Bizkaira lekualdatuko da. Gaur, irailaren 24an, inauguratu da erakusketa Erandion, Altzagako Antzinako Udal Merkatuan. Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Joseba Goikouria aipatu herriko alkateak,  Patxi Juaristi soziologoak, Iñaki Goiogana historialari eta erakusketaren arduradunak  eta  Juan Agirre gudariaren senideek. Azken hori  Mungian jaioa zen, baina Astrabuduako Udal  Uri Batzarrean zegoen EAJPNVn afiliatuta. 

Arana Goiri batailoiko hamalau gudari hil ziren  36ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar frontean, Euskadiren askatasunak defenditzen: Juan Agirre, Mungiako Astrabuduako Batzokiari atxikitako militantea, Emeterio Llavori (Erandio), José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Eusebio Gaubeka, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu. Guztiak Arana Goiri batailoikoak, Erandio, Leioa, Getxo, Santurtzi, Bilbo eta  hiriko Begoña eta Abando elizate ohiak, Getxo, Barakaldo eta Portugalete herrietako gazte haiek  36ko gerrako fronte hartan hil ziren.

“Garrantzitsua da Juan Agirre eta Emeterio Llavori bezalako gudariak nahiz beste gudari abertzale eta miliziano sozialista, komunista eta anarkista batzuk gogoratzea eta gorazarre egitea, haietako askok euren bizia eman zuten eta oraindik ahanzturan lurperaturik daude-eta” adierazi du Erandioko alkate Joseba Goikouriak.

Hain zuzen ere, euskal gazte haien jarkierak ejertzito altxatuaren aurrera egitea eragotzi zuen eta frontea zenbait hilez egonkortzea lortu. Horrenbestez, Autonomia Estatutua, Madrileko Gorteetan urriaren 1ean onetsia izan zelarik, eraginkor bihurtu ahal izan zen eta urriaren 7an Lehendakari aukeratu zuten Jose Antonio Agirre, zeinek Gernikan bere kargua zin egin ahal izan  baitzuen. Horretara, Lehenengo Eusko Jaurlaritzak armada bat eregitea lortu zuen, edo baita milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat ere, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean. 

Izan ere, altxatuek euren aurrerakuntzan jarraitzerik izan balute, ez zatekeen eratuko lehenengo gobernu autonomiko hura eta, ondorioz,  ez ziren gauzatuko  hark ondoren jadetsi zituen lorpenak. Beraz ez da faltsua ez gehiegikeria —azpimarratu du Iñaki Goiogana erakusketaren arduradunak— esatea ze “Agirreren Gobernuaren zereginari eutsi zioten zutabeetako bat, irailaren 25ean Bilboko Patronatotik abiatu ondoren Zirardamendin borrokatu ziren gudari haiek finkatu zutela, beraietako batzuek bertan bizia ere heroikoki galduz”.

“Hasiera batean  gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat  besterik ez lirudikeenak azken buruan  esangura garrantzitsua izan zuen  Euskadirentzat.  Gatazka hura mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena, eta neurri handi batean baita gure Herriaren historian eragin handia izango zuena ere”, nabarmendu du Goioganak.

Memoria historikoa berreskuratzeko zeregin horretan, erakusketaren arduradunak Juan Agirreren senideak, Francisco Javier eta Mª Jesús Rasines Agirre eta Felipe Agirre, ekitaldian zeudela baliatu du dei bat egiteko Emeterio Llavori erandiotarraren senideei, edo  beroriek ezagutu ditzakeenei. “Beharrezkoak dira oraindik galduta  dauden gudariak ahaztuta geratu ez daitezen, eta egunen  batean haren gorpuzkinak identifikatu ahal daitezen ”, esan du.

Sabino Arana Fundazioak, zenbait udalekin eta beste instituzio eta kultur  erakunde batzuekin besteak beste, Aranzadi Elkartearekin eta Santxo de  Beurko elkartearekin, elkarlanean  antolatutako erakusketa hori oroipenezko egitarau zabal baten barruan dago,hain zuzen ere bere ondorioengatik Gerra Zibilean euskal lurretan agitu zen gudurik garrantzitsuenetako batean parte hartu zuten gudari eta milizianoei gorazarre egiteko antolatua berori. 

Panelak azalpen-testuekin, argazkiak, jantziak, borrokan erabilitako trepetak (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak, mahai-tresnak, platerak, zenbait jantzi),  beira-arasak Aranzadik 2012an Zirardamendin hustutako fosa komunean aurkitutako gauzaki pertsonalekin, etab. Hori guztia ikusi ahalko da Altzagako Antzinako Udal Merkatuan, irailaren 25a eta urriaren 8a bitartean; astelehenetik ostiralera, 18:00 eta 21:00 bitartean, eta larunbat eta igandeetan, 12:00 eta 14:00 eta 18:00 eta 21:00 bitarteetan

Joseba Goikouriak zera ere nabarmendu du “Erandiotik, eta erakusketa honen bitartez, nahi dugu, iragana  lurpetik atera eta memoria historikoa  berreskuratu, eta hala egin nahi dugu  iragan traumatiko hori gainditzera eramango gaituen sentimendu batetik, eta nahi dugu elkarbizitza sustatu orain eta etorkizunean. Edozein kasutan ere, bidezkoa EGIA jakitea da.