Prentsa oharra 2022ko ekainaren 29a

Etorkizuna datuetan datorkigu

EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuaren esparruan,  datuen digitalizazioak eta/edo erabilerak gure bizimoduari eta lan egiteko moldeei  zer-nola eragiten dieten aztertu dute adituek.

EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuaren esparruan,  datuen digitalizazioak eta/edo erabilerak gure bizimoduari eta lan egiteko moldeei  zer-nola eragiten dieten aztertu dute adituek. EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuaren esparruan,  datuen digitalizazioak eta/edo erabilerak gure bizimoduari eta lan egiteko moldeei  zer-nola eragiten dieten aztertu dute adituek.

EAJ-PNV alderdiak duela hilabete batzuk abian jarri zuen ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko prozesuaren esparruan (Sabino Arana Fundazioak ere parte hartzen du ekimen horretan), beste jardunaldi bat egin da gaur Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko Enpresen Zentroan, datuak gure bizitza eta lan egiteko moldeak nola aldarazten ari diren aztertzeko, gaiaz eztabaidatzeko eta horretaz hausnartzeko hainbat aditu esanguratsuren eskutik.

Adimen artifizialaren, zibersegurtasunaren eta eraldaketa digitalaren arloko aditu entzutetsu batzuek aldaketa horietako batzuen nondik norakoak azaldu dituzte, hainbat esparru jorraturik: osasuna, mugikortasuna, zerbitzu publikoak, negozioen sorkuntza enpresetan eta abar.

Lidia Márquez, Telefónica-Euskadiko Herri Administrazioko arduraduna, eta Alberto Ortiz de Zarate, desideDatum Data Company aholkularitza-etxeko zuzendaria, «datu irekiek balio-iturri gisa» duten garrantziaz aritu dira.

«Administrazio publikoak datu-ekoizle eta datu-biltzaile handiak dira, eta hirugarrenen eskura jarrita, gardentasuna hobetzen da eta hazkunde ekonomikoaren nahiz gizarte-hobekuntzaren eragile bilakatzen dira. Datuen irekierak berrikuntza eta enpresen sorrera eta/edo egokitzapena sustatzen ditu Interneteko zerbitzu eta teknologien inguruan, eta datuen berrerabileran oinarrituta, negozioa sor daiteke», adierazi dute.

Hala eta guztiz ere, Ortiz de Zarateren arabera, «beharrezkoa da erakundeen arteko lankidetzan sakontzea, datu osoak, koherenteak eta kalitatezkoak emateko, balioa sortzeko benetan baliagarriak izango badira».

«Europa datuen europar merkatua –datu irekiena eta ez horren irekiena– sustatzen eta sortzen ari da, gobernu, unibertsitate eta sektore pribatuarekiko lankidetzan, datuetatik lortutako balioa handitzeko helburua duena. Bien bitartean, administrazioek askotariko berrerabiltzaileei eman behar dizkiete datuak. Arazo nagusia da oraingoz datu gutxi ditugula eta, gainera, egiaztatu gabeko kalitatekoak direla datuok. Eta hori ez da beti gertatzen borondate politiko edo tekniko ezagatik, ezpada, erabat gauzatu ez den eraldaketa digitalari lotutako arazoengatik».

Izan ere, «datua da eraldaketa digitalaren lehengai nagusia. Datuak eskuragarriak eta erabilgarriak izan daitezen, datuen kudeaketa modernizatu behar da, datuen gobernantza lantzeko estrategiak baliatuz», nabarmendu du.

 

Neurokonputazioa eta Adimen Artifiziala (AA)

Beste alde batetik, Aitor Moreno Adimen Artifizialeko (IA) eta konputazio kuantikoko adituak neurokonputazioaren hasi-masiak aletu dizkigu. Neurokonputazioa sistemekiko elkarreraginen agintza berria omen da, gure pentsamenduak eta sistemak zuzenean lotuko liratekeelarik gizakien eta makinen arteko interfaze berri batean. Baina, gainera, Aitor Morenok dioen moduan, «neurokonputazioak aukera ematen digu garunak maila digitalean nola jokatzen duen simulatzeko, giza jokamoldeak ingurune birtualetan simulatzeko, edo garunaren informazioa makinei era automatikoan nola igor dakiekeen probatzeko, besteak beste».

Morenok azaldu duenez, «Neurokonputazioa edo “Brain-Computer Interface” deiturikoa garuneko seinaleak edo “EEG” direlakoak kodetzen saiatzen da, eta kode horiei esker, sistemak, makinak, hedapen biomedikoak, exoeskeletoak goberna ditzakegu gaur egun eta, are gehiago, pentsamenduak eta emozioak igortzen ari gara zuzen-zuzenean informazio-sistemetara».

Era berean, «teknologia disruptiboa dela argitu du, ASR sistemen (ahotsa testu bihurtzekoak) maila berekoa, eta, funtzionalki, oinarri berberetan funtsatzen da, hau da, seinaleak kode bihurtzen ditu.

Ibermaticako adituaren aburuz, «futurismoaren teknologia dela pentsa genezake; hala ere, artearen egoerak, oinarrizko ikerkuntza zein AA prozesuak txertatuta dituzten hardware-sistemak merkaturatzea aintzat hartzen ditu.

«Euskadin industria berria sortzeko eta nazioartean lider bilakatzeko aukera paregabea da», azpimarratu du.

Lorenzo Díaz de Apodakak, Zibersegurtasun Euskal Zentroko kideak, mugikortasun konektatuaren inguruko zibersegurtasunaren inguruko gaiak jorratu ditu. Eta, azkenik, David Ruiz Smartup-eko zuzendari exekutiboak eta Nuria Mosteiro Versia Digital Business enpresako zuzendari eta Marketin Korporatiboko zuzendariak datuek enpresentzat eskaintzen duten ahalmenaren adibide praktikoak eskaini dituzte, hiru arlo zehatzetan eskaini ere: produktibitatea, bezeroen ezagutza eta kostuen optimizazioa.

Askotariko esparruetako –hala nola osasuna, hezkuntza, enpresa, mugikortasuna…– hogeita hamar bat ordezkarik parte hartu dute Sabino Arana Fundazioak antolatutako gogoetagune honetan. Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Berrikuntza Politikoaren arduradun eta Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasleak koordinatu du jardunaldia eta Jonatan Morenok, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzaile nagusiak, moderatzaile jardun du.