Prentsa oharra 2014ko otsailaren 14a

Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostenaren egileek mintegi batean parte hartuko dute Bilbon

Guztira 46 milioi dira hizkuntza horietan sarri mintzatzen diren europarrak

Euskaltzaindiak eta  Sabino Arana Fundazioak jardunaldi bat antolatu dute datorren ostiralerako, otsailak 21, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Mintegia “Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena”ren egile eta haren gertakuntzan parte hartu zutenekin egingo da. Aipatu txostena, François Alfonsi  korsikar diputatu eta Europako Parlamentuko Gutxiengoen Talde-elkarteko presidentekideak koordinatua, gehiengo handiz onetsi zen Europako Parlamentuan 2013ko irailaren 11n. Aldez aurretik, proposamena Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak ere onetsi zuen, aho batez, 2013ko ekainaren 18an.

Europako Parlamentuak onetsitako ebazpenak Europar Batzordea premiatzen du legegintzazko neurriz eta  jardun betearazle zehatzez osatzera  hizkuntza gutxitu eta desagertzeko arriskuan daudenen defentsarako aurreikuspenak, zeintzuetan jasota baitaude bai Lisboako Ituna, bai Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Gutuna, bai erregio-hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen babesteko gutuna. Txostenak ohartarazten du,  halaber,  hizkuntza horiek bizi duten arriskuaz, hau da, dibertsitatea sustatzeko partiden arloan Europako estatuetan eta instituzioetan denetan agitzen diren murrizketen ondorioez.  

Era berean, onetsitako ebazpenak europar aberastasun gisa eta dibertsitatearen  adierazpentzat aitortzen du multilinguismoa,  eta Europar Batzordea eta Kontseilua bultzatzen ditu, 2014-2020 epealdirako, Europar Batasunaren politikak eta programak egokitzera, horrenbestez, arriskuan dauden hizkuntzak eta hizkuntza-dibertsitatea susta ditzan finantza-laguntzazko tresnen bitartez, bereziki: hezkuntza eta prestakuntzarako eta gazteria eta kirolerako programak, kultura eta hedabideen programa, Egitura Funtsak (Kohesio Funtsa, FEDER, FSE, Europako lurralde-lankidetza, FEADER) eta teknologia berriei eta multimedia plataformei atxikitako  tresna guztiak.

Orobat, Euroganberak onetsitako Ebazpenak hizkuntza gutxituen eskoletako irakaskuntza goiztiarraren sistemaren alde egiten du, bai halaber, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen definizioan, hizkuntzok berezko diren lurraldearen zatiren batean daudenak ere eranstearen alde, Kontinenteko beste leku batzuetan babesa eduki arren, aitorpen ofiziala izan zein ez. Egoera hori Europako zenbait inguru mugazgaindikotan gertatzen da eta  bereziki ukitzen ditu katalana eta euskara. Ebazpenak  baita erantsi du ere beste aurreikuspen bat, hots: hizkuntza-dibertsitatearekiko begirunea  aldez aurreko baldintza gisa hartzea EB barruan beste estatu batzuk onartzerakoan, eta gogorarazten du ezen balio hori berariaz jasota dagoela Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean, zein Lisboako Itunaren zati  baita. Azkenik, Ebazpenak beste aurreikuspen bat jasotzen du, zera:  Kontinente osoan adierazle homogeneo zenbait diseinatzea eta abiaraztea, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen osasuna eta haiek salbatzeko aplikatuko diren politiken emaitzak neurtzeko. 

Gainera, Europako Parlamentuko Hizkuntzei buruzko Talde-elkarteko presidentekide biez gain, hau da, François Alfonsiz (Berdeka-ALE Taldekoa) eta Csaba Sándor Tabajdiz (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldekoa) gain, jardunaldian baita parte hartuko dute ere Izaskun Bilbao EAJ-PNVren eurodiputatuak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta euskararen, hezkuntzaren eta euskal kulturaren esparruan diharduten zenbait erakunde eta elkartetako ordezkari zenbaitek. Mintegia arteztuko du Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak.

Ekitaldia 10:00 eta  14:00 bitartean izango da eta hedabideentzat irekita egongo da.    

Txostenaren egileek gaztigatzen dute ezen Europak berezkotzat dituela bere hizkuntzak, zeintzuk Estatu baten erabakiak baino harantzago baitoaz. Europak agertzen du,  hizkuntza gutxituak babestea interesatzen zaiola eta  aberastasun gisa tratatzen dituela, eta txostenaren egileek azaltzen dute, europar finantzazioa ere egongo dela hizkuntzak babesteko eta hedatzeko neurriak abian ipintzeko. Gainera, gogorarazten dute ere Europar Parlamentuaren % 92k, Europako Alderdi Popularrekoak barne,  txosten horren aldeko botoa eman zuela.