Hedabideentzako deialdia 2022ko abenduaren 20a

Emakumeak aberrigintzan

  • Sabino Arana Fundazioak antolatutako mintegi horretan, XX. mendeko euskal emakumeek abertzaletasunari lotutako balioak hedatzen izandako aurrendaritza eta eragiletza aztertuko ditugu.
  • Jardunaldia abenduaren 20an, asteartearekin, izango da, 09:30etatik 13:30etara, Fundazioaren egoitzan.
\ "Emakumeak aberrigintzan" mintegia
  • 2022ko abenduaren 20a, asteartea
  • 09:30h -(e)tik 13:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Euskal kultura-adierazpenen memoria aldarrikatzeko helburuz, Sabino Arana Fundazioak urtero-urtero antolatzen dituen jardunaldien esparruan, aurten, emakumeek kultura-arloan, gizarte-mugimenduetan, politika-antolakundeetan eta abarretan izan zuten aurrendaritza aztertuko dugu, bereziki, euskal abertzaletasunari lotutako balioak hedatzen eta hurrengo belaunaldietara ondorengoetaratzen izandako eragiletza.

“Emakumeak aberrigintzan” izenburuaren ildoan, mintegia datorren abenduaren 20an, asteartearekin, izango da, 9:30etatik 13:30etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.

Mireia Zaratek, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, hasiera emango dio jardunaldiari; geroago, euskal abertzaletasunari lotutako hainbat lanen egile den Roman Berriozabal Arabako Emakume Abertzale Batza (EAB) antolakundearen sorreraz eta bilakaeraz mintzatuko da. Karmele Perezek, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak, emakumeek irakaskuntzan egindakoak jorratuko ditu, gerraren aurretik gerraren ostera. Begoña Bilbao −UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak, Karmele Perezen lankideak− Euskal Gurutze Gorriko (Euzko Gexozain Bazpatza) erizainen antolakundeak 1936ko gerran emandako zerbitzuaz arituko da. Monica Calvo irakasleak emakumeek franskimoaren sasoian, Bilboko Larrazabal eta Uribeko kartzeletan, pairatu zituzten zigorrak azalduko dizkigu. Mª Esther Solabarrietak, erbesteratuen alaba eta ilobak, euskal emakumeek Venezuelako erbestealdian bultzatutako ekimenez hitz egingo digu; azkenik, Alicia Aretxabaleta (Emakume Abertzale Batzako kidea) zenaren iloba Nagore Garamendik EABko kide gogoangarri haiek –besteak beste, bere amamak− garatu zuten berdintasunaren aldeko lana aletuko du.