Hedabideentzako deialdia 2022ko maiatzaren 24a

Sara Gómez zuzendari kubatarraren "De medida manera" (Halako moduan) dokumentalaren proiekzioa

Emakumeek egindako 11. Zinema-jaialdian hautaturiko «De cierta manera» (Halako moduan) dokumentala, Sara Gómez zuzendari kubatarrarena, emango da Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoan

  • Maiatzaren 24an, asteartearekin, 18:30etan.
  • Ekitaldian, Marilyn Solaya aktore, gidoilari, zuzendari eta ekoizle kubatarra izango da.
Proyección del documental “De cierta manera”, de la directora cubana Sara Gómez
  • 2022ko maiatzaren 24a, asteartea
  • 18:30h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak, KCD (Kultura Communication y Desarrollo) euskal GGKEarekin batera, Emakumeek egindako 11. Zinema-jaialdiaren esparruan, aurten Bilbon ikusi ahalko den filmetako baten proiekzioa antolatu du.

Hain zuzen ere, Sara Gómez zuzendari kubatarraren «De cierta manera» (Halako moduan) dokumentala da. Emanaldia maiatzaren 24an izango da, asteartearekin, 18:30etatik aurrera eta Marilyn Solaya zuzendari kubatarrak ekitaldian parte hartuko du.

«De cierta manera» dokumentala 1974an estreinatu zen, eta Mirafloresko (Habana) kolonian, emakume aurrerakoi baten eta baztertzeko zorian dagoen gizon tradizionalista baten arteko harreman gatazkatsua kontatzen du. Emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzea da, eta iraultzaren ondoko 70eko hamarkadako gizartean ere jarrera matxistak agertu egiten zirela eta gaur egun bezala aurre egin behar zitzaiela erakusten du. Sara Gómez zuzendaria 31 urte zituela hil zen, asmak jota, filma grabatu eta gutxira. Tomás Gutiérrez Aleak, Julio García-Espinosak eta Rigoberto López zinemagileek bukatu zuten lan teknikoa, eta gero estreinatu zen filma.

Garai hartan, filma muturrekoa izan zen, bai formari dagokionez, bai edukiari dagokionez, eta Sara Gómez Kubako eta Latinoamerikako garaiko zinemagile aurrendari eta zuzendari esanguratsuenetakotzat hartu zuten.

Solasaldia Kubako Marilyn Solaya zinemagilearekin

Dokumentala eskaini ostean, Marilyn Solaya zinemagile kubatarrarekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Solaya Zuzendaritza espezialitatean graduatu zen Habanako (Kuba) Goi Mailako Arte Institutuko Ikus-entzunezko Hedabideen Fakultatean, eta aktore gisa hasi zen zineman. 1999an, «Alegrías» film laburrarekin egin zuen debuta zuzendari gisa.

«En el cuerpo equivocado» (2010) dokumentalaren gidoia idazteaz eta zuzentzeaz gain, Solayak honako, besteak beste, ondoko lanetan parte hartu du «Retamar» (2004) dokumentalaren zuzendarikidea da, «Mírame mi amor» (2002) dokumentalaren gidoigile eta zuzendaria, eta «Hasta que la muerte nos separe» (2000) dokumentalaren gidoigile eta zuzendaria.

Bere lehen fikziozko filma, “Vestido de novia”, Latinoamerikako film onenaren Goya sarirako hautatu zuten 2016an eta opera prima nahiz emakumezko aktore onenaren (Laura de la Uz) Platino sarietarako hautatu zuten 2015ean.