Hedabideentzako deialdia 2017ko azaroaren 20a

Prentsa eta Gerra

Hitzaldia eta erakusketa. Euskadiko Artxibo Historikoan (María Díaz de Haro, 3). Azaroaren 28an. 19:00etan. Josu Chueca eta Koldo San Sebatianen eskutik.

Prentsa eta Gerra

Bilbo erori eta gero, frankismoak errotik erauzi zuen prentsa libreak gurean izan zuen loraldia. Ordutik 80 urte igaro direnean, ezinbesteko deritzogu zuhaitz sendo hark garatu zituen adar oparoenetako biren fruituak gogora ekartzea. Abertzaletasuna, ezkerra eta errepublikanismoa gurean zabaldu ziren,  besteak beste,  prentsa  herrikoi eta dinamikoaren garapenari esker.

Euzkadi eta  El  Liberal  hartu  ditugu  ikurtzat,  baina horiekin  batera,  beste  hainbat  egunkarik  eta aldizkarik ere hartu zuten protagonismoa euskal herritarren egunerokoan -Bilboz eta Bizkaiaz gain, gainerako  lurraldeetan ere  bai-.  Loraldia  batez  ere  jazo  zen  XX.  mendearen  lehen   herenean, Errepublika garaiaren aurretik,  Errepublikako  urteetan, eta,  zelan ez, gerra sasoian.

Horren guztiaren gainean  jarduteko, Koldo San Sebastian kazetaria, eta, Josu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea gonbidatu ditugu. Biak ala biak adituak dira euskal historia garaikidean eta hainbat  lan ondu   dituzte  esandako   gaiaren  inguruan.  Koldo  San  Sebastian  Euzkadi eta  prentsa abertzaleaz arituko da, eta,  Josu Chueca,  berriz,  ezkerreko  kazetez.

Erakusketa: Hitzaldiez gain, eta Euskadiko Artxibo Historikoak gordetzen dituen funtsak ezagutzera emateko asmoz,  Euzkadiko Jaurlaritzak  prentsaren  gainean tramitaturiko hainbat espediente eta agiri jarriko dira erakusgai. Besteak beste, zentsuratik igarotako artikuluak; eskuineko prentsa konfiskatua gainerako alderdien eta sindikatuen artean banatzeko tramitaturiko espedienteak; garaiko egunkari eta aldizkariak; Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoaren azken  alea,  Bilbo erori ondoren Turtziozen argitaratu zena; eta abar.