Hedabideentzako deialdia 2023ko apirilaren 27a

Internet-eko arriskuak

Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiko ertzainek  oinarrizko gomendio eta aholkuak eskainiko dizkiete adinekoei ziberdelinkuentziaren arriskuak saihesteko. Apirilaren 27an, ostegunarekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan.

Internet-eko arriskuak Internet-eko arriskuak

Segurtasunaren aurkako delituen prebentzioan adituak diren Iker Legardon eta Lander Jauregi ertzainek Internet-eko arriskuei buruzko hitzaldia emango dute datorren ostegunean, apirilak 27 dituela, 19:00etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioan.

Topaldi hori Helduak elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak lankidetzan urtero-urtero antolatzen duten hitzaldi-zikloaren barrukoa da, adinekoak gaur egun kezkatzen dituzten gaiak jorratzeko: besteak beste, osasuna, zahartze aktiboa, adinekoen eta/edo mendekoen zaintza eta segurtasuna ere bai. Eta segurtasunaren baitan, ziberdelinkuentziaren arriskuak.

Datorren osteguneko hitzaldiaren helburua teknologiaren erabilera seguru eta atsegina sustatzea da, herritarrak ziberdelinkuentziaren mehatxuez ohartaraztea eta horrelako delituak prebenitzeko jarraibideak ematea.

Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiari atxikitako bi ertzainek gaizkileen jokabidea azalduko dute sarea baliatuz egiten diren ohiko maula eta iruzur arrunt batzuei dagokienez. Sarean jarduten duten delitugileen jokabideari buruzko informazioa emateaz gain, ertzainek balizko delituak identifikatzeko gakoak emango dituzte, adinekoak ziberdelitugileen biktima bihur ez daitezen.

Era berean, hitzaldiak informazio pertsonala sare sozialen bidez partekatzeko jardunbide egokiak azaltzea  du helburu, gure pribatutasuna arriskuan ez jartzeko ezezagunen aurrean.