Hedabideentzako deialdia 2024ko otsailaren 6a

Koldo Anasagastik bere azken liburua aurkeztuko du SAFen “Aunque silben las balas, te escribiré”, Gerra Zibilari buruzko lau kontakizun (1936-1939)

Otsailaren 6an, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan.

Koldo Anasagastik bere azken liburua aurkeztuko du SAFen “Aunque silben las balas, te escribiré”,  Gerra Zibilari buruzko lau kontakizun (1936-1939) Koldo Anasagastik bere azken liburua aurkeztuko du SAFen “Aunque silben las balas, te escribiré”, Gerra Zibilari buruzko lau kontakizun (1936-1939)
  • 2024ko otsailaren 6a, asteartea
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Koldo Anasagasti idazle, telebistako saioen ekoizle eta agente artistikoak «Aunque silben las balas, te escribiré» izenburua daroan bere azken liburua aurkeztuko du otsailaren 6an, asteartearekin, 19:00etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioan (SAF). Aurkezpenean, Iñaki García Uribe ikertzaile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saileko kideak ere parte hartuko du.

Koldo Anasagastiren liburu berriak Gerra Zibilari (1936-1939) buruzko lau kontakizun biltzen ditu. Kontakizun bakoitzean, gutun edo ohar batek garrantzi berezia du.

Lehenengo kontakizunean, naziek Berlinen antolatu zuten olinpiadaren kontrako herri- olinpiadan lehiatzera Bartzelonara joan ziren kirolarien frustrazioa azaltzen da, azkenean, ezin izan baitziren lehiatu, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra eta horrek eragindako gerra zibila piztu zelako. Armak hartu eta euren ideologia matxinatuen aurrean defendatu zutenak ditu ardatz kontakizunak.

Bigarren istorioan, aita batek ahaleginak eta bi egiten ditu, amorruz eta erabakitasunez, semearen heriotzaren benetako arrazoia ezagutzeko. Semea borrokan hil zen, Saibiko gailurraren aurkako erasoan, Urkiola inguruan.

Hirugarren kontakizunak erizain gazte baten bizipenak dakarzkigu, erizainaren ideien aurkakoak dituen gizon baten zauriak sendatzen dituela. Gertaera horrek sekulako eragina izango du erizainaren etorkizuneko bizitzan.

Azken istorioa Gurseko kontzentrazio-esparruan atxilo dagoen gudari gazte baten eta haren neskalagunaren arteko gutunerian funtsatzen da. Neskalaguna maistra zen baina espedientea zabaldu eta lana kendu zioten, eta orain nekazaritza- eta abeltzaintza-lanetan dihardu Berangoko baserrian.

Gutunetan, Frantzian preso egondako soldaduei ematen dieten tratuaren gordina erakusten dute, bai eta euskal lurretan geratu direnek pairatu beharko dituzten nekeak ere.

Koldo Anasagasti

Koldo Anasagasti Cumana herrian jaio zen, Venezuelan, gurasoen erbestealdian.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia atera zuen Deustuko Merkataritza Unibertsitatean (Bilbo), eta lehenengo lanak metalurgia- eta kazetaritza-sektoreko enpresen administrazioan egin ostean, ikus-entzunezkoen mundura bideratu zituen urratsak, eta ETBko nahiz Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko (Zinemaldia) zuzendaria izan zen.

Enpresaburu autonomo gisa, 3 Koma 93 S.A. sortu zuen. Gainera, Trauko Management S.L. eta Trauko Ekoizpenak S.L. ekoiztetxeak ere bere eskutik sortu ziren. Gaur egun erretiratuta dago.

«Aunque silben las balas, te escribiré» lanaren aurretik, Anasagastik «El último fotograma» (2019), «¡Maldito caballo!» (2020), «Y llegaron galernas» (2021) eta «Clandestina. Radio Euzkadi, un irrintzi desde Venezuela» (2022) liburuak argitaratu ditu.