Hedabideentzako deialdia 2023ko apirilaren 21a

Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak zikloa

Juan Jose Ibarretxe, Kirmen Uribe, Andres Urrutia eta Kike Amonarriz kultura-arloan izandako eraldaketaz arituko dira apirilaren 21ean, ostiralarekin. 17:30etatik aurrera, SAFen egoitzan.

Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak zikloa. eraldaketa kulturala Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak zikloa. eraldaketa kulturala

Euskal kultura eta euskara funtsezkoak izan dira azken hamarkadetan Euskadiren egituraketan eta gizarte-kohesioan. Hala, Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak deritzon zikloaren baitan, datorren ostiralean, 17:30etik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Agirre Lehendakaria Fundazioaren gaur egungo lehendakaria; Kirmen Uribe idazlea; Andres Urrutia euskaltzainburua eta Kike Amonarriz filologo eta soziolinguista euskararen eta euskal kulturaren normalizazioak ondutako plangintzez eta zailtasunez arituko dira. Izan ere, duela hamarkada gutxi arte familia-girora zedarriztatuta egon diren arlo horiek, tradizioz haragoko esparruetara hedatu nahian dabiltza gaur egun.

Juan Jose Ibarretxek eraldaketa kultural guztietan kulturak berak duen garrantziaz eta gure nortasunari eusteko beharraz hitz egingo du. Beste alde batetik, Kirmen Uribek «Etorkizuneko arteak eta kultura» izeneko hitzaldia emango du, idazlearen ikuspuntutik, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketa iraunkorra berrantolatzen diharduela aintzat hartuta. Euskaltzainburuak, aldiz, euskararen batasunak euskarazko kultur industriaren sorreran eta garapenean izan zuen eragina azalduko du. Eta azkenik, Kike Amonarriz euskararen egungo egoera soziolinguistikoaz mintzatuko da: krisiaz, gizartearen zati baten (euskaldunena ere bai) euskararekiko hozkeriaz, eta egoera hori iraultzeko jauzi kualitatiboa emateko beharra.

Topaldi-mintegien ziklo hau 2022ko irailaren 16an jarri genuen abian eta, harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak azken 30-40 urteetan ekonomia, bizikidetza, administrazioa, gizartea, industria, teknologia edo ingurumenaren arloetan egindako bidea aztertu dute hainbat adituk. Dagoeneko, ondokoek parte hartu dute ekimen honetan: Asier Alea eta José Luis Ruiz de Muniain ekonomialariak, Juan Mª Atutxa, Paul Ríos (Lokarriko koordinatzaile ohia), Javier Bikandi (Eusko Jaurlaritza), Ina Etxebarria (Getxoko Udala), Daniel Innerarity (Filosofia Politikoko katedraduna), Xabier Aierdi (Soziologiako doktorea), Jon Azua (EnovatingLab), Guillermo Dorronsoro (Deusto Business School), Álex Rayón (Deusto BigData), Iván Martén (Orkestra: Lehiakortasunerako Euskal Institutua) eta Fernando Temprano (Talantiako sortzaileetako bat eta Repsol konpainiako I+G eta Teknologia Arloaren zuzendari izandakoa 30 urtetik gorako aldian).