Hedabideentzako deialdia 2016ko maiatzaren 9a

2016ko Museoen Nazioarteko Egunean, Sabino Arana Fundazioaren GOAZ Museumek ikastetxeetako ikasleak gonbidatuko ditu arboglifoen edo zuhaitzen gaineko grabatuen euskal artean aritu daitezen

Maiatzaren 18an.

2016ko Museoen Nazioarteko Egunean, Sabino Arana Fundazioaren GOAZ Museumek ikastetxeetako ikasleak gonbidatuko ditu arboglifoen edo zuhaitzen gaineko grabatuen euskal artean aritu daitezen

Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an, asteazkenarekin, ospatuko da “Museoak eta kultura paisaiak” lelopean. Gertaera hori dela eta, Sabino Arana Fundazioaren GOAZ Museumek jolas-tailer didaktikoa antolatu du Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat. Tailer horren bidez, ikasleek Artearen munduan murgiltzeko aukera izango dute, pinturaz eta Artearen historiaz baliatuz.

Ildo horretan, hur-hurretik ezagutuko dituzte arboglifoen historia (euskal artzainek Amerikako basoetan egiten zituzten zuhaitzetako grabatuak) eta Amerikara joan ziren euskal artzainena. 

Tailerrean, egurrezko disko txikiak erabiliko dira; umeek lixatu eta prestatu beharko dituzte diskook, euretan marraztu eta pintatzeko, euskal artzainek Amerikako basoetako zuhaitzetan esaldiak idatzi eta marrazkiak egiten zituzten modu berean. Geroago, giltzatako bihurtuko dituzte landutako diskoak.

Horrela, beraz, neska-mutilek hainbat arlo jorratuko dituzte tailerrean, besteak beste, euskal artearen historia, euskara, ingurumena, Plastika eta Marrazkigintza.

2016ko ekitaldian, Museoen Nazioarteko Egunaren helburu nagusia hauxe da: “museoen garrantziaz sentiberatzea kultur trukeak bideratu, kulturak aberastu, elkarren arteko adostasunaren bidetik jo eta herrien arteko lankidetza zein bakea gailentzeko”.