Prentsa oharra 2016ko azaroaren 9a

BREXIT: aukerak eta irtenbideak Eskoziarentzat eta Europarentzat

Sabino Arana Fundazioa eta Europar Demokraten Institutuak (IED) antolatutako mintegia

BREXIT: aukerak eta irtenbideak Eskoziarentzat eta Europarentzat

Michael Keating: “Brexit auzian, Eskoziak zalantza egin behar du hainbat aukeraren artean, baina guztiak ere zailak dira”

Francisco Aldecoa: “Azkenean, EBtik aterako balitz, aukera onena litzateke kanpotik bereizitako integrazioa egitea”

Nazioarteko harremanetan eta politika zientzietan adituak diren berrogei bat katedradun, erakunde-ordezkari, abokatu eta abarrek, Brexit delakoaren ostean, Eskoziaren eta Europar Batasunaren arteko harremanak bideratzeko aukerez eta irtenbideez eztabaidatu dute Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED) antolatutako jardunaldi batean.

horretarako, besteak beste, ondoko hizlariek parte hartu dute: Michael Keating, Aberdeengo eta Edinburgoko unibertsitateetako politika zientzietako irakaslea eta Eskoziako Centre on Constitutional Change erakundeko zuzendaria; Francisco Aldecoa, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Harremanetako katedraduna; eta Antonios A. Nestoras, Europar Ikaskuntzen Institutuko kidea.

Keating-en arabera, Brexit auzian, Eskoziak zalantza egin behar du hainbat aukeraren artean, “baina guztiak ere zailak dira”.

2016ko ekainaren 23ak arte, “Batasun” biak osagarriak ziren Eskoziarentzat, baina handik aurrera bateraezinak dira. Izan ere, 2014ko erreferendumean, eskoziarrek Erresuma Batuan geratzearen aldeko hautua egin zuten eta, bi urte geroago, are gehiengo handiagoaren babesaz, Europar Batasunean geratzeko hautua egin zuten, baina, orain, eskoziarren nahia zapuztu dezake britainiarren gehiengoak Brexit ekimenaren alde hartutako erabakiak, hau da, EBtik alde egiteko erabakiak.

Horregatik, Eskoziako konstituzio-eztabaidari lotutako auziak aztertzeko bost erakundek sortutako Centre on Constitutional Change erakundeko zuzendariaren aburuz, eskoziarrek honako aukeretako baten alde egin behar dute: “ekainaren 23ko emaitza onartzea eta EBtik ateratzea; EBn geratzea eta Erresuma Batutik ateratzea erreferendum bidez erabakita; Britainiako koalizio batean parte hartzea EBtik modu “bigunean” (soft Brexit) ateratzeko; ala Eskoziarentzako hitzarmen berezia negoziatzea Europarekiko loturei eusteko”. 

Beste alde batetik, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradun Francisco Aldecoaren iritziz, britaniarren erreferendumaren emaitzak “ez dakar, halabeharrez, su EBtik atera behar izatea”. Aldecoaren aburuz, “erabakia oraindik ez da hartu; ateratzeko erabakia hartu beharko da”.

Francisco Aldecoak, Europar Batasuna eraikitzeko prozesuaren gaineko aditu nagusietako batek, honakoa esan du: “hasieratik bertatik, Erresuma Batua ez da eroso egon Europar Batasunaren barruan eta trabak jarri dizkio integrazioari; hori dela eta, herrialde hori ateratzea onuragarria izan daiteke eta aukera bihur liteke lehen oztopatzen zituen aldaketak egin ahal izateko (gizarte eredua blindatzea, defentsaren auzia…)”. Aldecoaren ustetan, Erresuma Batuarentzako eredurik onena litzateke, azkenean, EBtik aterako balitz, “kanpotik bereizitako integrazioa egitea”. Hau da, “orain arte egin dutenaren antzera, konstituzio estatuturik sinatu ez dutelako, gainerako estatu kideek egin moduan, baina kanpotik, erakundeetan egon barik”.

Estatu Batuetako hauteskundeen garaile Donald Trump-i dagokionez, MUKeko katedradunaren iritziz, behin irabazita, orain “busti” beharko da. Francisco Aldecoaren ustez, “kanpainan egon dan Trump ez, bestelako bat ikusiko dugu”. Goizeko diskurtsoan, “Trump-i askoz bakegileago eta bateratzaileago entzun diot”, esan du Aldecoak.

AEB eta EBren arteko harremanei gagozkiela, Aldecoak nabarmendu du egoera berriak “aukera eta, aldi berean, eskakizuna lekarkeela erreformak egiteko Europar Batasunean, EB indarra hartzen hasi delako munduko gobernantzan”. 

Jokin Bildarratz senatariak moderatutako mintegi horretan, besteak beste, ondokoek parte hartu dute: Shaun Riordan, Geopolitical Risk Consulting sozietatekoa, Britainiako diplomazialari ohia eta nazioarteko analista; Daniel Innerarity, Politika eta Gizarte Filosofiako katedraduna, Euskal Herriko Unibertsitateko “Ikerbasque” ikertzailea eta Globernance – Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria; Derek Doyle, Erresuma Batuko kontsula Bilbon; José Luis Aurtenetxe, Bizkaiko Batzar Nagusietako legelari nagusia; Noé Cornago, EHUko Nazioarteko Harremanetako irakasle titularra; Igor Filibi, EHUko Nazioarteko Harremanetako irakaslea; Iker Goiria, GFAko Kanpoko Harremanetarako zuzendari nagusia; Txema Montero, abokatua; Paul Ortega, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria; Koldo Atxutegi, BFAko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia; eta Eusko Legebiltzarreko hainbat kide, kasurako, Jon Aiartza, Josune Gorospe, Amaia Betolaza, Amaia Arregi, Almudena Otaola eta Mikel Arruabarrena.