Prentsa oharra 2021ko abenduaren 16a

Bonifacio Echegaray: euskal historia, foruak eta euskara ardatz

• Euskaltzaindiak, Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Sabino Arana Fundazioak Bonifacio Echegaray euskal legelari eta historialariaren profila aztertu dute gaur Bilbon, bere heriotzaren 65. urteurrenean.

Bonifacio Echegaray:  euskal historia, foruak eta euskara ardatz

Aurten, 65 urte beteko dira Bonifacio Echegaray euskal legelari, historialari, euskaltzale eta idazlea hil zela. Hori dela eta, Euskaltzaindiak, Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute elkarlanean, euskal herritar esanguratsu horren bizitzari lotutako hainbat alderdi jorratzeko, hain zuzen ere, haietan islatzen direlako XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen hereneko euskal kulturak, historiak eta zuzenbideak ondutako lorpenak eta ametsak.


    Mintegian, Seve Calleja irakasleak Echegaray idazlearen profila aletu du. Horretarako, oraintsu berrargitaratu den Poemak eta ipuinak izeneko liburua hartu du ardatz. Callejak gogoratu du Etchegarayk Euskal-Erria, Euskalzale, La Basconia, edo El Noticiero Bilbaino-n idatzi zituela bere lehen poema eta ipuinak (aurrerago, El Colegial aldizkarian atera zituen). Jakin izan dugu, baita bere, 15 urterekin jaso zuela lehen saria Echegaray-k, hain zuzen, Donostiako Euskal Jaietan, Beti, beti euskaldun poemarekin. Callejak nabarmendu du bere idatzietan “euskal bizitza tradizionala” deskribatzen zuela gehienetan Echegaray gazteak, modu “koloretsuan” deskribatu ere: marinelen egunerokoa, baserritarrena...


    Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako buruak, aldiz, Echegaray legelariaren berri eman du. Urrutiaren ustez, “Echegaray da agian bere belaunaldiko legelaririk bikainena”. Bai, behintzat, euskal Zuzenbidearen hurbiltze ez abertzalea kontuan hartzen badugu, eta, horrekin batera, historiari lotutako euskal kultur juridikoaren defentsan eginikoa”, sakondu du Urrutiak. Eta hain zuzen historia horretan bertan oinarritzen da Bonifacio “garaian garaiko gizartearen beharrei jaramon egiteko”. Ondoren, legelari bezala Etchegaray-k eginiko lana aletu du euskaltzainburuak, hark jorratu zituen kontzeptu juridikoen nondik norakoak azalduz eta ikerketarako erabiltzen zuen metodologia ezagutaraziz. Gainera, berak euskal Zuzenbide pribatua nola ikusten zuen aztertu du, horretarako erabiltzen zuen corpusarekin batera.


    Azkenik, Bonifacioren biloba Lázaro Echegaray Gizarte Zientzietako doktoreak euskaldun ikasiaren bizipenak kontatu ditu. Gogoratu du Bonifacioren anaia Carmelok eragin izugarria izan zuela haren bizitzan, eta Carmeloren lagun intelektualen ondoan egoteak etorkizuneko gogo eta zaletasunak piztu zizkiola. “Zuzenbidea amaitu ostean, fikziozko idatziak utzi eta foru eta ohiturazko legeetan oinarritutako idatziak ondu zituen batez ere, ikuspuntu juridikotik betiere. Honela, lan metodo sendoa erabili zuen, giza zientziak oinarri hartuta, historia, zuzenbidea eta toponimia uztartzen zituela. Arlo guzti hauek aztertzeko giza antropologia erabili zuen, euskal herriaren aspaldiko antolakuntza moduei erreparatuz”, adierazi du Lázaro Echegarayk. Bonifaciok euskal gizarteari bere osotasunean begiratzen ziola azpimarratu du bere bilobak, eta jakina, gizarte bat badago, arauak eta baloreak ezartzeko borondatea ere bai. Honela, zuzenbideak garrantzia ezinbestekoa du herrien bilakaera kulturalean. “Hori ondo ulertu zuen legelariak, bere egitekoak hiru ardatzetan oinarrituz: euskal historia, foruak eta euskara”, esan du akaberan Lázarok.