Prentsa oharra 2023ko uztailaren 27a

Andoni Ortuzar: «Jauzi handiagoen eragiletzat baino, autogobernuaren administratzailetzat gauzkate»

Azaroan 120 urte beteko dira EAJ-PNV alderdiaren sortzailea, Sabino Arana Goiri, hil zela. Hermes aldizkaria baliatu dugu EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin batera, euskal abertzaletasunaren jatorriaz eta alderdiak gaur egun egiten dituen urratsez hausnartzeko.

Hermes 75: Sabino de Arana y Goiri. Hermes 75: Sabino de Arana y Goiri.
  • 2023ko irailaren 4a, astelehena

Aleak eskatzeko: idazkaritza@sabinoarana.eusOn line erosteko, sakatu hemen

«EUZKOTARREN ABERRIA EUZKADI DA», herri bat, nazio bat, hizkuntza bat, lurralde bat, kultura bat, identitate bat... «Ikurrinari, ereserkiari, euskarari prestigiozko komunikazio-hizkuntza gisa, herriaren instituzionalizazioari eta abarri eutsi die EAJ alderdiak Sabino Aranaren ondaretik hartuta», adierazi du Andoni Ortuzar EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidenteak Hermes pentsamendu eta historia aldizkariari eskaini dion elkarrizketan, euskal abertzaletasunaren sortzailearen heriotzaren 120. urteurrena dela eta.

Xabier Lapitz kazetariaren eskutik, Andoni Ortuzarrek, ale berezi honetan (75. zk.), EAJren historiaren ibilbidea aletu du, alderdiaren jatorritik gaur egungo proposamenetara.

Ortuzarrek, hasteko, azken hamarkadetan Eusko Alderdi Jeltzaleak gizarte aldakorrera egokitzeko izan duen gaitasuna azaldu du, bi esparrutan batez ere: «Duela 40 urte, erlijioaren arteko loturen eta ohituren zioz, EAJ eskuineko edo ordenaren barruko alderditzat jotzen zen; gaur egun, ordea, EAJ alderdi akonfesionala eta laikoa da, eta erakundeetatik estatuko politikarik aurrerakoienak bultzatzen dituen alderdia dugu».

EBBko presidenteak nabarmendu du, hala berean, lortutako autogobernu mailak «erabateko arrakastaz hil gaitzakeela».

«Nire ustez, autogobernu maila handia dela eta, herrigintzan aldarrikapen gutxiago eta norberaren mailan errebindikazio gehiago egiten ditu gizarteak», dio. Ildo horretan, Ortuzarrek azpimarratu duenez, «horren ondorioz, EAJ aldarrikapenak egiteko eta helburu nazional handiagoak lortzeko alderdi gisa baino gehiago, lortutakoaren administratzaile gisa ikusten dute... alderdiaren gogoz kontra».

Eta azpimarratu du oraindik ere eraikuntza nazionalari, askapen sozialari eta abarri ekiteko bidea egon arren, «jendeak areago ikusten gaitu autogobernu horren administratzailetzat, jauzi handiagoen ahalbidetzailetzat baino».

EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko buruak uste du egungo gizartea eta 70-80ko hamarkadetakoa guztiz desberdinak direla. «Gaurko gizartea ez da hobea, ez okerragoa, desberdina baizik. Gizarte indibidualistagoa, ez hain taldezalea, non banako eskubideak talde-eskubideei nagusitzen zaizkien. Politika eta alderdiak zorrotzago aztertzen dira nirekin nola portatzen diren gurekin nola portatzen diren baino», ziurtatu du.

Eta ingurumari horretan, argitu du «politika-munduaren rara avis gara gu: errituei jositako alderdia izaten jarraitzen dugu, kolektibitateari atxikitako alderdia da, siglak pertsonak baino garrantzitsuagotzat jotzen dituen alderdia, pertsonak oso garrantzitsuak izan arren».

Ildo horretan, ikasbiderik handiena zatiketatik atera zuela ziurtatu du: «Hartan, ikasi genuen pertsona bat oso garrantzitsua izan arren, magnetismo handia izan arren, dohain ugari izan arren, ezin dituela inoiz kolektiboa eta alderdia ordezkatu».

Azken hauteskundeetako emaitzei gagozkiela, «kontuan hartu» dituztela eta «gauza batzuk aldatu beharraz» jakitun daudela ziurtatu du. «Agian, ez gara oso enpatikoak izan lagundu diegun baina gertu sentitu ez gaituzten kolektibo batzuekin. Jende horrekiko lotura berreskuratu behar dugu, ez bakarrik, interes politikoagatik eta boto-interesagatik, baita gure gizartearen muinaren zati bat ere badirelako», esan du.

Sabino Arana Goiriren heriotzaren 120. urteurrena dela eta argitaratu den Hermes-en ale berezi honetan, euskal abertzaletasunaren lehen buruaren bizitza, lan eta testuinguru historikoaren esparruan adituak diren artikuluak bildu dira, hala nola Jean-Claude Larronde, Baionako Ikastetxeko abokatu emerituarena; Joseba Agirreazkuenaga, UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradunarena; José Ignacio Salazar Arechalde legelariarena; Óscar Álvarez Gila, UPV/EHUko Amerikako Historiako irakasle titularrarena; eta Gotzon Lobera Revilla, Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle, Zuzenbideko lizentziadun eta zinpeko itzultzailearena.