Prentsa oharra 2014ko martxoaren 25a

Andoni Ortuzar: “Europa Europagoa eta hobea, horixe da gure helburu politikoa”

EAJ-PNVren EBBko lehendakariak gaur Sabino Arana Fundazioak eta IEDek antolatu duten “Europako hauteskundeak eta herritartasuna” mintegian parte hartu du

Andoni Ortuzar: “Europa Europagoa eta hobea, horixe da gure helburu politikoa”

Erromako Itunak sinatu zirela 57 urte betetzen direlarik —gaur ospatzen da urteurrena—, Andoni Ortuzar EAJ-PNVren EBBko lehendakariak esan du ezen, gauza nabaria dela Europako instituzioak “oraindik europar herritarrik gehienentzat nahaste ulertzen zail bat direla eta haiek egitura lanbrotsu eta argitasunik gabekotzat legez ikusten dituztela”.

EBBko lehendakariak adierazpen horiek egin ditu, Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED)  antolatu duten “Europako hauteskundeak eta herritartasun” mintegia irekitzeko ekitaldian. Berrogei bat adituk parte hartu dute,  europarlamentari, katedradun, politikari  zein abokatu; besteak beste, bertan izan dira: Graham Watson, ALDE alderdiko (Europako Liberalen eta Demokraten Aliantza) presidentea; Luigi Cocilovo, Europar Demokraten Alderdiko idazkariorde nagusia eta Europar Parlamentuko mahaiburuordea; Izaskun Bilbao, europarlamentaria;  Alberto Alberdi Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren Ekonomia Azterlanetarako Zerbitzuburua; Jose Ramón Bengoetxea, Europar Zuzenbidea, Teoria Juridikoa, Soziologia eta Zuzenbidearen Filosofia ikasgaiko irakaslea, UPV/EHU; Manfred Nolte, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business Schooleko irakaslea  eta Alboaneko kidea; eta Ander Gurrutxaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia katedraduna eta  Euskal Herriko Unibertsitatearen “Aldaketa, Berrikuntza eta Konplexutasuna” laborategiko zuzendaria.

Ortuzarren iritziz,  “hiru dira herritarrek Europa eraikitzeko eginkizun itzelaren aurrean sentitzen duten gero eta axolagabekeria handiagoa azaltzen duten egiturazko elementuak.  Jasaten ari garen sistemazko krisiak areagotu egin du jendearen Europarekiko kamusada. Europak herritarrentzat ez du balio izan berezko babeslekutzat, globalizazioaren erasoaldietatik eratorritako ondorioei erantzun ahal izateko. Aldiz, herritar askok bizkarra eman diote Europari eta inguru seguruago, hurkoago eta tradizionalago batekiko oroiminera biltzen ari dira, mesfidati agertuz Europaren irtenbideen eta botereen aurrean, ezen horiek begitantzen zaizkie urruneko, opako eta kontrolaezin”.

Europarekiko arbuio-sentipen horiek neutralizatu eta berorien kontra borrokatzeko, Andoni Ortuzarrek funtsezkoa ikusten du, “mundu berri batean bizi garela azaltzea, zabaltzea eta limurtzea eta hari datxekion globalizazioak estatuz gaindiko egiturak behar dituela geure ongizateari eutsi nahi badiogu. Iraganeko irtenbide banakakoek zein nazionalek  halabeharrezko bilakaera historikoak lurperatu ditu”.

“Europa europagoa eta hobea behar dugu, oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko,  gure herritarrentzat bake, justizia eta askatasunezko etorkizun bat  babestu eta bermatzeko”.

“Lankidetza eta elkartasuna izan dira Europan bake iraunkorrari eusten lagundu duten zimenduak, orain dela 70 urtera arte  Europa bizikidetza harmoniatsuari jarkitzen izan baitzaio,  Inperioen eta Estatuen nazionalismo erasokorren  beligerantziak eraginda. Ez dezagun ahaztu,  krisi honek europar ereduaren, hots, kohesio eta elkartasunezkoaren, oinarriak higatu baditu ere, eta desberdintasunaren orbana handiagotu duen arren, Europa dela munduko lurralde guztien artean  gizarte-berdintasun eta gizarte-oreka handienak dituena”, nabarmendu du EBBko lehendakariak.

Amaitzeko, Ortuzarrek adierazi du, “Europakp hauteskunde erabakigarri hauen aurrean, funtsekoa dela oso kontuan izatea  balio nagusi horiek lortzeak eta babesteak ekarri duten kostua. Ez dugu utzi behar, demagogiak eta epelaburkeriak  herritarren  haserre logikoa balia dezaten, ezen haiek irabazteak gure historiako tunelik  ilunenetara eraman gaitzake”.

Izaskun Bilbao: “Beste Europa sozialago eta herritarrengandik hurbilago batek bakarrik ematen du erronka globalei aurre egiteko lain berme”

Izaskun Bilbao eurodiputatuak, bestalde, azpimarratu du, beste Europa sozialago eta herritarrengandik hurbilago batek bakarrik ematen duela erronka globalei aurre egiteko lain berme. "Herritarren eta balioen Europa izango da. Europa soziala, adimentsua, jasangarria eta pertsonak integratzen dituena. Gizonak eta emakumeak dira  politika ororen eragile eta helburu, prozesu gardenago eta demokratikoekin eta gehiago parte hartuta. Benetan botere legegilea izatera jokatzen duen parlamentu batekin, eta berori, Europa benetan osatzen duten batugaiei egokitutako hautesbarrutietatik hautatuta. Buruzagiak ere, ekiten ari gatzaizkion erronka eratzailearen eta Kontinenteak dituen desafioen mailakoak". Europa bat,  bazkide koherentez osatua,  ahalmena eta aginpidea dituena gatazkak epaitzeko, barne tirabirak ebazteko, adostasun unibertsalean aho batez esku hartzeko eta,  funtsezko eskubideei dagokienez,  tratu-berdintasuna bermatzeko. Halako Europa bat non, nazio-identitatea  izan ez dadin eskubide guztietarako sarbidea, beste eskubide bat baino”. 

Eurodiputatuak nabarmendu du,  austeritate-politikek pertsonak ahaztu dituztela eta "horixe dela europar instituzioen ospe txarraren zergatietako bat”, baina era berean,  estatukide batzuk salatu ditu, Troikaren erabakiak akiakulatzat baliatzeagatik  “norberaren erantzukizunei itzuri egiteko. Gainera, Europaren betebeharra nabarmendu du, globala dena ezinbestez,  finantza-sistema bere eginkizunera itzularazteko, hau da, ekonomia errealari laguntzeko tresna izatea eta Euskadi bezalako erakundeak protagonista izateko ekonomia erreal hori bultzatzeko politiketan. “Euskal gizartearen lanak, Ekonomia Ituna bezalako erakundeek, abertzaletasun instituzionalaren buruzagitzak eta politika egokiek ahalbidetu digute, garapen eta ongizate maila handia lortzea, eta identitate bat eman digute Europan. Gaur egun, estatuak itxuragabetzen ari direlarik, bide horretatik ekin egitea, hau da, herri-eraikuntzarako euskal bidea, da biderik seguruena, europar erakundean beste nazio bat izateko".