Prentsa oharra 2015ko abenduaren 19a

Alex Salmond, Maialen Chourraut, CEAR-Euskadi, John Garamendi, Leopoldo Zugaza eta Velatia, Sabino Arana sarien 2015eko edizioko saridunak

Sabino Arana Fundazioak kultur ekitaldi horren XXVII. edizioa egingo du datorren urteko urtarrilaren 31n, igandearekin, eguerdiko 12etan, Bilboko Arriaga antzokian.

Alex Salmond, Maialen Chourraut, CEAR-Euskadi, John Garamendi,  Leopoldo Zugaza eta Velatia, Sabino Arana sarien 2015eko edizioko saridunak

Alex Salmond politikari eskoziarrak; Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarrak; CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak; AEBetako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata John Garamendi eusko-kaliforniarrak; Leopoldo Zugaza kultur eragileak; eta Velatia industria-talde teknologikoak jasoko dute 2015eko Sabino Arana saria datorren urteko urtarrilaren 31n egingo den ekitaldian, eguerdiko 12etan, Bilboko Arriaga antzokian.

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen Sabino Arana sarien XXVII. edizioa izango da aurtengoa. Sariok urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu dituzte 2015eko saridunak. 

Biek adierazi dutenez, “Sabino Arana Fundazioak Alex Salmond jauna goretsi eta saritu nahi du, herri baten borondate demokratikoaren adierazpideari lotutako prozesu demokratiko eta elkarrizketan oinarritutakoan izan duen buruzagitza eta eredugarritasunagatik. Eskoziako herriaz ari gara eta herritarren adierazpide horren emaitza 2014ko irailaren 18an egindako erreferendumean islatu zen”.

Alex Salmond Eskoziako Alderdi Nazionalistako (SNP) buruzagia da eta, Eskoziako lehen ministroa zela, “Eskoziako herritarren borondatea eta eskoziarren asmo demokratiko eta bidezkoak adierazteko bideari ofizialtasuna aitortzea lortu zuen. Erreferendumean ateratako emaitza gorabehera, prozesua bera mugarri esanguratsua izan zen Eskoziako nazio-eraikuntzaren bidean eta eskoziarren borondate demokratikoaren adierazpena gauzatzeko orduan” gaineratu dute.

Maialen Chourraut arraunlari gazteak, jarleku bakarreko kayak ontziko espezialistak, saria jasoko du “nazioarteko kirol-ibilbide bikaina izan duelako gutxienen kirol batean, piraguismoan, hain zuzen ere. Maialen Chourrautek dominak eskuratu ditu joko olinpikoetan eta munduko txapelketetan, Europako txapelduna da eta “ondo baino hobeto erakutsi digu eguneroko lana, eguneroko ahalegina, nekea eta apaltasuna giltzarik onenak direla goi-mailako kirol-lehiaketan arrakasta lortzeko eta nazioarteko aitorpena norbereganatzeko” azpimarratu dute. 

Maialenek Rio de Janeiroko olinpiada dauka hurrengo kirol-erronka eta ziur gaude euskal herritar guzti-guztion sostengua, kemena eta maitasuna izango dituela lagun kirol-proba garrantzitsu horretan.

Edizio honetako beste saridun bat CEAR-Euskadi elkartea dugu “giza eskubideak defendatzen eta sustatzen, baita babesteko beharrizana edo/edo gizartetik baztertzeko arriskuan dauden iheslari eta etorkinen osoko garapena ahalbidetzen ere eman dituen 25 urtetik gorako lanagatik” 

Iheslarien zorigaitza dela eta, herritarren kontzientziazioa puri-purian dugun bolada honetan, Fundazioko arduradunek nabarmendu dute “sari honen bidez azpimarratu eta garrantzia eman nahi zaiola CEAR-Euskadi elkarteak 1996. urtetik egin duen lan eskergari, iheslari eta etorkinei harrera egiten, laguntza ematen, eta haien ahalduntzea nahiz gizarteratzea errazteagatik. Beste alde batetik, CEAR-Euskadi elkarteak giza eskubideen inguruko sentiberatzea eta sustapena lantzen ditu, eskubideon urraketa salatzen du eta pertsona guztiok duintasun eta eskubide berdinak ditugulako printzipioaren alde gogotik egiten du”.

Era berean, Sabino Arana Fundazioak AEBetako Ordezkarien Etxeko kide demokrata John Raymond Garamendi eusko-kaliforniarra goretsi eta saritu nahi du, “euskal nortasuna Amerikako Estatu Batuetan zein mundu osoan zabaltzen egindako ekarpenagatik”. Berkeley eta Harvard unibertsitateetan ikasi zuen, ministrordea izan zen Bill Clinton-ekin, Kaliforniako estatuko gobernadoreordea da eta Al Gore eta Barack Obamarengandik gertuko politikaria da. Mundutik barrena sakabanaturik bizi eta euskal jatorria duten sei milioi pertsona horietako bat da John Garamendi, eta “euskal lurraldearekiko atxikimendu sentimentalaz gain, Garamendik konpromiso sendoa darabil bere sustraiak aldarrikatzeko”. 

John Garamendik adierazitako “I’m basque” esaldia “euskal herritar unibertsalaren adibide argigarria da eta garbiro erakusten du euskal herritartasuna gure nortasunari eta XXI. mendeko mundu global honetan egoteari datxekiela” azpimarratu dute Sabino Arana Fundazioko kideek.

Sabino Arana Fundazioak Leopoldo Zugaza bibliografoa, editorea eta kultur eragilea ere  sarituko du XXVII. edizioan, “euskal kulturari egindako berebiziko ekarpenagatik”. Asociación Guerediaga de Amigos de la Merindad de Durango (egungo Gerediaga elkartea) Durangoko Liburu eta Disko Azoka, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Zarauzko Photomuseum

 Argazki eta Zinema Museoa, Olerti Etxea edo Manuel de Larramendi Institutu Bibliográphico delakoa “Zugazak landutako ekimenetako batzuk ditugu, euskal kulturaren askotariko adierazpideei eskainitako bizitza oparoan. Leopoldo Zugazaren kultur ekimenak kulturari eskainitako gogo ekintzaile berezkoaren eta bere kultur jarduera oinarritu duten izaera jakitun eta humanistaren emaitza izan dira” Fundazioko ordezkariek adierazi dutenez.

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Velatia industria-talde familiarra eta euskal enpresaren eredua goretsi eta saritu du, “hastapenetatik bertatik (Ormazabal, 1967), pertsonekiko konpromisoari, enplegua sortzeko konpromisoari eta aberastasuna Euskadin eta Euskadirentzat sortzeko konpromisoari eutsi dielako. Ormazabal familiak berrikuntzaren aldeko apustu garbia egin zuen eta, horri esker, Bediako (Bizkaia) ekipo elektrikoko ondasunen hasierako enpresa nazioarteko ospea daukan euskal enpresa-talde bilakatu da: 50etik gora herrialdetan jarduten du eta parte-hartze esanguratsua dauka beste sektore batzuetan, hala nola, telekomunikazioetan eta aeronautikan. Eta hori guztia egin du familiako enpresaren balioetan funtsatuta: pertsonak, hazkunde iraunkorra, enpresaren gizarte-erantzukizuna eta ingurunearekiko konpromisoa”.