Prentsa oharra • 2026ko otsailaren 19a
Kandido Sasetaren heriotzaren 89. urteurrenean balioa eman zaio Asturiasen zendu ziren gudariak identifikatzeko ikerketari
Zumardikoak elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sabino Arana Fundazioak Hondarribian aurkeztu dute 1937ko euskal Espedizio militarra dokumentatzen duen ikerketa, zeinak bertan eroriak lokalizatzeko bideak irekitzen baititu.
Kandido Sasetaren heriotzaren 89. urteurrenean balioa eman zaio Asturiasen zendu ziren gudariak identifikatzeko ikerketari
Kandido Saseta komandante hondarribiarra Asturiasko frontean erori zenetik 89. urteurrena betetzen dela, Zumardikoak elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak eta Sabino Arana Fundazioak Hondarribiako Kasino Zaharrean eman dute ezagutzera 1937ko otsailean Asturiasera bidali zen Euskal Espedizio- dibisioari buruz egin den ikerketa, orain arte sekula argitu ez dena.
Gorka Ortegak zuzendutako ikerketak artxiboko dokumentazio ugariren bidez berregin du espedizioaren antolaketa, kronologia operatiboa, borroken garapena eta erasoaldiak izan zuen giza kostu handia bertan jasoz. Ikerketari esker, izen abizenekin identifikatu ahal izan dira 2. Euskal brigadako kideak eta izandako bajak dokumentatu ahal izan dira, borroken ondoren gorpuzkiak berreskuratu ezin izan zituzten gudarienak barne.
Agerraldian, Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidenteak nabarmendu nahi izan ditu gertakari haiek zorroztasun historikoz aztertzearen eta halako ikerketetan bilatu behar diren duintasun eta memoriaren garrantzia: “Gogoratzea ez da zauriak berriz irekitzea, baizik eta egia eta aintzatespena eskaintzea zilegitasun demokratikoa eta denontzako Euskadi duina defendatu zutenentzat, egoera benetan zailetan egin baitzuten”.
Jatorrizko dokumentuekin eta agiri publiko eta pribatuak erabiliz urteotan egin den ikerketa urrats esanguratsua da Asturiasera desplazatutako euskal gudarien memoria berreskuratzeko eta ezagutzan, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako memoriaren kultura eraikitzeko jardunean.
Ekimena sustatu duten entitateek adierazi dute alderdi historiografikotik daukan garrantziaz gain, lan honen helburu nagusienetakoa izan dela zendutako edo desagertutako gudarien senideekiko kontaktuak erraztea, eskuragarri dagoen informazioa osatzera eta memoria belaunaldi batengandik bestearengana transmititzeko prozesuan parte hartzeko gonbitea luzatuz.
Aurkezpen horren bidez, erakunde antolatzaileek berretsi egin dute ikerketa historiko zorrotzarekiko eta Kandido Saseta eta haren agintepeko gizonak bezala euskal gizartean arrasto sakona utzi zuen misioa beren gain hartu zutenen aintzatespen publikoarekiko konpromisoa.
Amaitzeko, ekitaldira hurreratu direnak Hondarribiako hilerrira joan dira Saseta komandantearen hilobian lore eskaintza egitera.