Hedabideentzako deialdia • 2025ko maiatzaren 22a
Euskal Abertzaletasuna Bigarren Errepublikan: alderdiak, egiturak, mugimenduak
Mikel Aizpuru, UPV-EHUko Historia Garaikideko katedraduna
Maiatzaren 22an, ostegunarekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan

- 2025ko maiatzaren 22a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioak antolatu duen “Aurrera doan Herria. EAJ-PNV-REN 130. urteurrena” izeneko hitzaldi-zikloaren barruan, maiatzaren 22an, ostegunarekin, arratsaldeko 7etatik aurrera, Fundazioaren egoitzan, UPV-EHUko Historia Garaikideko katedradun Mikel Aizpuruk jardungo du ondoko gaiaren inguruan: «Euskal abertzaletasuna Bigarren Errepublikan: alderdiak, egiturak, mugimenduak». Zikloaren bigarren hitzaldia da. Lehenengoan, «Euskal abertzaletasunaren sorrera» aletu zen.
Mikel Aizpuruk azaldu duenez, «Espainiako Bigarren Errepublika aldi laburra eta bizia izan zen. Europako herrialde gehienetan gertatu bezala, aldatzeko proposamen ugari egin ziren politika-, ekonomia-, gizarte- edo kultura-esparruetan. Euskadin ere antzera gertatu zen».
Aizpururen arabera, «euskal abertzaletasunak urrezko garaitzat ditu urte haiek, nahiz eta Gerra Zibilak amaiera eman zion sasoiari. Autonomiaren aldeko borrokak, euskal kultura biziberritzeko ahaleginak, mugimendua antolatzeko aukeratu ziren ereduek eta gizarte-arazoei berezko erantzuna emateko saiakerek, aurrenekoz, lehen indar politiko bihurtu zuten euskal abertzaletasuna Euskadin. Bilakaera horrek, ordea, mugimenduaren aniztasuna agerian jarri zuen eta barruko tirabirak ugaritu egin ziren, batez ere, 1935etik aurrera».
Mikel Aizpuru Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Honako ikerketa-ildo hauek jorratzen ditu: erbestea eta herritartasuna, Gerra Zibila, nazionalismoak eta euskal historiografia garaikidea.
Era berean, hainbat ikerlan burutu eta liburuak idatzi ditu, besteak beste, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila, Félix Luengo katedradunarekin batera.