Efemeridea 2023ko maiatzaren 17a

Euskaldunen eta frantsesen arteko akordio gogoangarria.

Gaur, maiatzak 17 dituela, 82 urte bete dira Euzkadiko Batzar Nagusiak eta Frantzia Askearen Kontseiluak 1941ean akordioa sinatu zutenetik.

Euzkadiko Batzar Nagusiko kideak ofizial frantsezekin. Euzkadiko Batzar Nagusiko kideak ofizial frantsezekin.

1940an, erbesteko Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitza. Hala ere, alemaniarrek Frantzia inbaditu zutenean, Jose Antonio Agirre lehendakariak eta Gobernuko sailburu batzuek ihes egin behar izan zuten atxilotu eta, beharbada, heriotza eman ez ziezaieten. Gertaera horrek eragina izan zuen Eusko Jaurlaritzaren egituran eta ordezkagarritasuna galdu zuen.

Hori dela eta, Londresen, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) buruzagien taldeak, Manuel Irujok eta Jose Ignacio Lizasok, Eusko Jaurlaritzak Londresen zuen ordezkariak, administrazioaren eskumenak bereganatuko zituen erakunde bat sortzea erabaki zuten. Erakunde hori 1940ko uztailaren 11n eratu zen eta Euzkadiko Batzar Nagusia izena eman zioten.

Ordutik aurrera, Euzkadiko Batzar Nagusia harremanetan egon zen Erresuma Batuko Gobernuarekin, baina, azkenean, hartu-emanek ez zuten espero emaitzarik eman. Hala eta guztiz ere, britainiarrek beraiek Frantzia askearekin hitz egiten hasteko iradoki zieten euskaldunei . Frantsesek onartu zuten, eta sei hilabeteko negoziazioen ostean, 1941eko maiatzaren 17an, akordioa sinatu zuten, besteak beste, alderdi hauek jorratzeko helburuz: euskal boluntarioak Frantziako Indar Libreen unitate batean sartzea, lankidetza ekonomiko eta komertziala lantzea eta euskal informazio-zerbitzuak frantsesekin lankidetzan aritzea

Hitzarmena sinatutakoan, zailtasunak iritsi ziren, Gobernu britainiarrak hura aplikatzeko oztopo ugari jarri zituelako. Britainiarren jarrerak eragotzi egin zuen euskaldunen eta frantziarren arteko harremanak erabat gara zitezen, baina, azkenean, aplikazio teoriko huts batzuk gauzatu ahal izan ziren.

Akordioak garrantzi historiko handia hartu zuen; izan ere, lehen aldiz, Frantziako agintaritzak zuzenbide publikoko erakundearen izaera aitortu zion euskal erakunde bati. Gainera, euskarara itzulitako lehen nazioarteko akordioa izan zen.

Juan Pardo San Gilek DEIA egunkariaren Historias Vascas atalean 2011/05/14an argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.