Efemeridea 2021ko ekainaren 29a

Pablo Pedro Astarloa, euskal nortasunaren defendatzailea

Euskal nortasunaren aldeko ekinbidea ez zen XIX. mendean hasi. XV. mendearen amaieratik edo XVI. mendearen hasieratik, euskal historiografiak argiro erakusten digu euskal sen berezkoa eta bereizia bazegoela hizkuntzaren eta foru-araubidearen inguruan. Pablo Pedro Astarloa dugu euskal nortasunaren defendatzaile horietako bat.

Pablo Pedro Astarloa, euskal nortasunaren defendatzailea

Pablo Pedro Astarloa Durangon (Bizkaia) jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1752ko ekainaren 29an, baina aita hil ostean, bi urte zituela, Markinara (Bizkaia) joan zen bizitzera, eta han eman zuen umezaroa. Filosofia eta Teologia ikasi zituen Larresoroko (Lapurdi) apaiztegian. Apaiztu ondoren, jaioterrian bizi izan zen 1802ra arte, harik eta, Godoyren desamortizazioa etorri eta ondasunik gabe geratu zen arte. Orduan, Madrilera joan zen. Astarloak, artean, hizlari ona zelako ospea eta eleaniztuna zen (Astarloaren garaikideen esanetan, 60 hizkuntzatan zekien, hizkuntzak eta dialektoak aintzat hartuta). Apaiz-lanez gain, lan ugari egin zituen euskararen inguruan. Kultura handiko gizon horrek hizkuntzalaritza konparatuaren aita izan zen Lorenzo Hervás hizkuntzalari eta filologoaren lanak ikasi zituen eta, Juan Antonio Mogelekin batera, Wilhelm von Humboldt filosofo eta hizkuntzalari prusiarraren laguntzailea izan zen. Humboldtek miresmenez aipatu zuen Astarloa beti, eta bere iturriri behinena izan zen euskal gramatikaren arloan.


Astarloak argitaratutako lehen lana hauxe dugu “Apología de la Lengua Bascongada o ensayo crítico filosofico de su perfección y antigüedad sobre todas las que se conocen” (Madril, 1803) izan zen. Lan hori erabiliz, Astarloak Joaquin Traggia (1748-1802) hizkuntzalari eta historialari espainiarrari erantzun zion, Espainiako Hiztegi geografiko-historikoan argitaratutako artikulu batean, euskarari eta euskal foruei eraso egin zielako Traggiak. Erantzun moduan, Astarloak esan zuen euskara Iberiar penintsulako jatorrizko hizkuntza zela. Dena dela Astarloaren “Apologia” argitaratu zenean, haren aurkako iritzi ugari azaleratu ziren Madrilen, gehienak Godoyren gobernuak bultzatutakoak, euskal foruak indargabetu nahi zituzten eta. Aintzat hartu behar dugu Astarloaren garaian, eztabaida bizia zegoela foruen inguruan, eta gaur egun ere gertatzen den legez, euskararen aurkako erasoak arma politikotzat erabili ohi ziren.


1804an, Astarloaren bigarren eta hirugarren lanak argitaratu ziren: “Reflexiones filosóficas de defensa de la Apología de la lengua vascongada o respuesta a la censura crítica del cura de Montuenga” eta “Carta de un vascongado al señor don Tomás de Sorreguieta”.


Astarloak eskuz idatzitako hainbat lan utzi zituen amaitu barik, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegian gordeta daudenak, hala nola “Proyecto de un vocabulario vascongado” eta “Recolección de adagios vascongados”.


Azkenik, azpimarratu behar da Astarloaren mintzaldi filosofikoek eragina izan zutela geroko pentsalari batzuengan, besteak beste, Resurreccion Mª Azkue (1864-1951) edo Sabino Arana Goirirengan (1865-1903).
Pablo Pedro Astarloa Madrilen hil zen, 1806ko ekainaren 2an.