Efemeridea 2021ko apirilaren 6a

Manu Egileor “Ikasle”: buruzagi jeltzale nekaezina

Atzokoa lako egun batean,1970eko apirilaren 5ean, hain zuzen, zendu zen Manuel Egileor Orueta. Euskal abertzaletasunaren defendatzaile sutsua izateaz gain, Egileor Aberri egunkariaren zuzendaria, diputatua eta Euzko Idazkaltza Buruba elkartearen idazkari nagusia izan zen.

Manu Egileor “Ikasle”: buruzagi jeltzale nekaezina

Atzokoa lako egun batean,1970eko apirilaren 5ean, hain zuzen, zendu zen Manuel Egileor Orueta. Euskal abertzaletasunaren defendatzaile sutsua izateaz gain, Egileor Aberri egunkariaren zuzendaria, diputatua eta Euzko Idazkaltza Buruba elkartearen idazkari nagusia izan zen.

 

1884ko urtarrilaren 1ean jaio zen, Abandon (Bilbo), eta Urduñako josulagunen ikastetxean ikasi zuen. Ondoren, industria-ingeniaritzako gradua atera zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan. 1898an, EAJn sartu zen, eta handik urte batzuetara Sabino Arana bisitatzeko aukera izan zuen Larrinagako espetxean. Gertaera hark sekulako eragina izan zuen Egileorren bizitzan.

 

1904ko otsailaren 14an, Bilboko Euzko Gaztedi elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1916an, elkarteburu izendatu zuten. Garai hartan, prentsa abertzalean kolaboratzen hasi zen eta artikuluak argitaratu zituen Bizkaitarra, Gipuzkoa eta Euzkadi egunkarietan, Ikasle ezizena erabiliz.

 

1917an, probintziako diputatu hautatu zuten; 1919an, Margarita Egia Iralarekin ezkondu zen eta bost alaba izan zituzten. EAJren lehen zatiketa jazo baino lehen, Bizkai Buru Batzarreko eta Euzkadi Buru Batzarreko kide izan zen.

 

1923tik aurrera, Aberri egunkaria zuzentzen hasi zen. Zuzendari ziharduela, birritan kondenatu zuten artikulu bana argitaratzeagatik; hirugarrenez ere kondenatu zuten, 1925ean, Diario Vasco egunkarian argitaratutako beste artikulu baten kariaz. Azkena dela eta, Burgosera joan behar izan zen erbesteraturik. Berenguerren gobernuak Primo de Riveraren diktadura ordezkatu zuenean, euskal abertzaleak berrelkartzeko negoziazioetan parte hartu zuen Egileorrek CNVko buruzagiekin. Bergarako Batzarrak amaiera eman zien negoziaketei.

 

1931ko uztaileko hauteskundeetan Gorte Konstituziogileetarako diputatu hautatu zuten, eta hurrengo urtean Euskal Eskolen Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen. Gerra garaian, 1937an, Iparraldera joan behar izan zuen ihesi, eta handik gutxira EAJren Baionako bulegoetan hasi zen lanean. 1940an, Irlandara joan zen, eta han egon zen 1946ra arte.

 

1946an, Egileor Iparraldera itzuli zen, EAJren Idazkaritza Nagusiaren sorrera dela eta. Han egon zen 1948. urtera arte, eta urte hartan Bilbora itzuli zen, Francoren gobernuak 60 urtetik gorako erbesteratuei emandako amnistia baliatuz. 1970eko apirilaren 5ean hil zen Bizkaiko hiriburuan, 86 urte zituela.