Efemeridea 2021ko ekainaren 9a

Luis Eleizalde, euskal abertzaletasunaren ideologoa

Luis Eleizalde Breñosa orain dela 143 urte jaio zen Bergaran (Gipuzkoa). Eleizalde Aranaren osteko euskal abertzaletasunaren ideologo garrantzitsuenetako bat eta auzo-eskolen sortzailea izan zen.

Luis Eleizalde, euskal abertzaletasunaren ideologoa

1978an, Euskaltzaindiak Akademiaren sortzaileetako bat omendu zuen: Luis Eleizalde, gai askotariko idazlea, euskararen batasunaren aitzindarietako bat eta, zalantzarik gabe, sabindar eskolaren defendatzailerik sutsuena, hizkuntza-arloan, kontserbadoreagoak ziren Arturo Campion edo Julio Urkixoren aurrean.


Eleizalde irakaskuntzan ere nabarmendu zen. Zientzietako lizentziaduna zela, Gasteizko institutuko Matematika katedra lortu zuen oposizio bidez, harik eta, 1918an, Bizkaiko Foru Aldundiak Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile izendatu zuen arte, berak sortutako auzo-eskolen antolatzaile eta lehen zuzendaria izan zela.


Era berean, Engrazio Aranzadi Kizkitza-rekin batera, Aranaren osteko euskal abertzaletasunaren ideologo garrantzitsuena izan zen. Ildo horretan, Eleizalde euskal abertzaletasunaren hedatzaile nagusia izan zen Araban.


Kazetaritza-lanak eta “Landibar” eleberriaz gain, filologiari eta abertzaletasunari buruzko hainbat lan idatzi zituen; bereziki jakingarriak dira ordura arte munduan zebiltzan mugimendu nazionalisten inguruak egindako gogoetak.


Aukera autonomistaren aldeko jarraitzaile porrokatua izan zen, baina haren bizitza intelektual eta politiko emankorra goizegi eten zuen tuberkulosiak, berrogeita bost urte beteta ez zituela. Bilboko Iralabarrin zeukan etxean hil zen, 1923ko uztailaren 24an.