Efemeridea 2021ko irailaren 15a

“La Txalupa” irratiaren emanaldiak Venezuelako oihanetik

56 urte bete dira gaur, irailak 15 dituela, erbestealdiko Radio Euzkadiren bigarren aldia hasi zenetik: “Euskal erresistentziaren ahotsa”.

“La Txalupa” irratiaren emanaldiak Venezuelako oihanetik

“La Txalupa” esaten zioten irratia Venezuelara joandako euskal erbesteratuen talde batek bultzatu zuen frankismoren sasoian, eta 1965 eta 1977 urteen artean jardun zuen. Handik eta 13 urtez, Hegoaldeko euskaldunen legezko gobernu bakarraren mezuak eta albisteak igorri zizkien euskaldunei eta munduari, betiere Euskal Herriaren kausa aldeztuz. Berebiziko lana izan zen, funtsean, boluntarioek egindakoa, oso baliabide tekniko gutxirekin baliabide ekonomiko eskas bai eskasekin.


Lehen Eusko Jaurlaritza aldarrikatu eta eratu ostean (1936), lehenengo Radio Euzkadi hasi zen lanean Bilbon, eta hango mikrofonoetatik, Agirre Lehendakariak Eguberrietako mezua zabaldu zien euskal herritar guztiei, matxinatuen aldetik jasaten ari ginen eraso eta sarraskiak salatuta. Eta horrela, frankismoaren krimenak salatu zituela, 1937ko ekainera arte iraun zuen irratiak.


Geroago, klandestinitatean, Iparraldean suspertu zen Radio Euzkadi-Euzkadi Irratia, Erresistentziaren erakusgarri. Francoren erregimen totalitarioaren aurkako salaketa etengabeen ondorioz, Francok harreman diplomatikoak erabili behar izan zituen irratia isilarazteko. 1946 eta 1954 urteen artean emititu zuen.


1965ean, Radio Euzkadi-Euzkadi Irratia indarberritu eta irmo agertu zen Venezuelako oihanean. Caracasko EGIko kide ziren abertzale sutsuen talde batek bost kontinenteetara zabaldu zituen mezuak, euskaraz eta gaztelaniaz, egunero ordu erdiko emanaldietan, Sabinoren EUZKOTARREN ABERRIA EUZKADI DA lelo ederrarekin amaituta.


Argazkia: Radio Euzkadiko kolaboratzaileen talde handia Venezuelan. Makurtuta: Jon Mikel Olabarrieta, Santi Guruzeaga, Paul Agirre, Paulin Urresti, Guillermo Ramos eta Peru Ajuria. Zutik: Domeka Etxearte, Ricardo Libano, Jose Luis Atxa, Iñaki Erkoreka, Isaka Atutxa, Pello Irujo, Iñaki Anasagasti, Iñaki Aretxabaleta, Iñaki Landa, Mikel Olasagasti, Juan Mari Lopez, Jon Gomez eta Kepa Lekue.