Efemeridea 2021ko urriaren 18a

Jose Ariztimuño Aitzol, frankistek eraildako 16 euskal apaizetako bat

1936ko urriaren 18an fusilatu zuten, Hernaniko hilerriko hormen kontra.

Jose Ariztimuño Aitzol, frankistek eraildako 16 euskal apaizetako bat

Jose Ariztimuño Olaño Tolosan jaio zen 1896an. Comillasko eta Gasteizko apaiztegietan egin zituen ikasketak, eta 1922an abade ordenatu zuten Arabako hiriburuan. Handik lasterrera, elizbarrutiko misiolari idazkaritza antolatu zuen eta “Gure mixiolariak” aldizkaria argitaratu zuen ele bietan. Arrakasta izugarria izan zuen aldizkariak eta, 1929an, Bartzelonako Misio Erakusketa Antolatzeko Batzordeko kide izendatu zuten. Handik gutxira, Liga Monarkikoak apaiz euskaltzaleen aurka egindako kanpaina baten ostean, behin-behineko abade gisa bidali zuten Beasaingo Garin auzora.


Bronkioetako gaixotasun larri batek jota zegoela, Donostiara joan zen eta bertatik ekin zion euskal berpizkunde kulturala bultzatzeari. 1930ean, Primo de Riveraren diktaduraren garaian euskara eta euskal kultura zabaltzeko sortu zen Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritza hartu zuen.


Kultura-arloko lan eskerga horrez gain, Ariztimuñok lan handia egin zuen gizarte-esparruan. Ildo horretan, gizarte-zabaltzaile nabarmena izan zen ELA sindikatuaren eskutik, eta euskal abertzaletasunaren ildoko El Día egunkariaren edizioan parte hartu zuen.


Gerra Zibila hasi zenean, Aitzol Hendaiara joan zen eta handik Belokeko (Frantzia) beneditarren monasteriora joan zen. Han, prentsan jarraitu zuen lanean eta Iparraldetik joaten ziren iheslariei laguntzen. Baina beneditarrei arazorik sortu nahi ez zienez, 1936ko urriaren 15ean Bilbora abiatu zen Galerna itsasontzian. Frankistek atzeman zuten ontzia, eta Ariztimuño atxilotu zuten, beste bidaiari batzuekin batera. Handik Donostiako Ondarretako espetxera eraman zuten Aitzol.


Urriaren 17an, apaiza eta beste preso batzuk Hernaniko hilerrira eraman zituzten eta soldadu frankistek fusilatu zituzten. Pairatutako torturen eraginez, aulki batean jesarrita fusilatu zuten. Hala, bizitza osoan euskal aberriaren defentsan jardun ondoren, 40 urte besterik ez zituela hil zuten apaiz tolosarra.


Mikel Aizpuru Muruak DEIA egunkariaren Historias de los Vascos sailean, 2011ko urriaren 15ean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.