Efemeridea 2022ko apirilaren 7a

Jesus Guridi Bidaola, Euskadik XX. mendean eman duen musikaririk bikainenetakoa

Madrilen hil zen, gaurkoa lako egun batean, 1961eko apirilaren 7an.

Imagen de Jesús Guridi Bidaola Jesús Guridi Bidaola, uno de los músicos más eminentes que dio Euzkadi en el siglo XX

Euskadik musikagile handiak eman dizkio munduari, horietako batzuk behar baino lehen zendutakoak: Usandizaga, Arriaga...

Gaur, Jesus Guridi Bidaola hartuko dugu gogoan. Guriditarren nahiz Bidaolatarren aldetik, familiatik zetorkion zaletasuna Jesusi. Gasteizen jaio zen, 1886ko irailaren 25ean.

Birraitona Nikolas Ledesma organo-jotzaile eta musikagile ospetsua izan zen; Luis Bidaola eta Fantzisko Xabier Guridi aititak ere organo-jotzaileak izan ziren eta Celestina Ledesma amama  musikagile eta piano-irakaslea; Jesusen aitak, Lorentzok, biolina jotzen zuen eta ama, Trinidad, piano irakaslea izan zen. Beraz, zer espero zitekeen XX. mendearen lehen erdian musikaren maisu handienetako bat izan zenarengandik?

Artean haurra zela, familia Zaragozara joan zen bizitzera eta, geroago, Madrilera. Bertan, harmonia ikasi zuen Balendin Arin gipuzkoarrarekin eta Emilio García Soler baritonoaren babesa izan zuen. Geroago, 1899 inguruan, Bilbora joan zen bizitzera, eta, 1902an Lore Jokoak irabazi zituen Bizkaiko hiriburuan.

Jesus Guridik musika-molde ugari jorratu zituen hainbat hamarkadatan, sinfoniatik zarzuelara, opera, zinemako musika eta, jakina denez, haren alderdi hunkigarrienak: organo-musika eta euskal kantu herrikoien sorkuntza eta egokitzapena.

1939an, behin betiko Madrilen finkatuta, bertan estreinatu zuen Diez melodías vascas (1941) eta, 1944az geroztik, organo-katedraduna izan zen Madrilgo Kontserbatorioan. 1956tik aurrera, zuzendari jardun zuen horretan.

Guridik musika-lan handiak utzi zizkigun, horietako asko euskal folklorean oinarritutakoak, besteak beste, «Mirentxu» eta «Amaya» operak; «El Caserío» eta «La Meiga» zarzuelak; «Mari Eli» euskal zarzuela, Carlos Arniches-en libretoarekin, mezak, abestiak, euskal kantu herrikoiak…

Argazkia: Jesus Guridi joan den mendeko 50eko hamarkadan.