Efemeridea 2021ko irailaren 10a

“Guernica” margolanaren itzulera amaiezina

1981eko irailaren 10ean, Pablo Picassoren margolana Madrilera iritsi zen, lau hamarkadatan erbestealdian egon ostean.

“Guernica” margolanaren itzulera amaiezina

Duela 40 urte, gaurkoa lako egun batean, 1981eko irailaren 10ean, 8:30ak aldera, Pablo Picassoren “Guernica” margolana Espainiako estatura iritsi zen, 44 urte atzerrian eman ondoren. Ekartzeko negoziazioek lau urte iraun zuten. Aldez aurreko aurkezpen batzuen ondotik, Picassok Gerra Zibilaren izugarrikeriak maisuki islatu zituen olio erraldoia jendaurrean jarri zen ikusgai hilaren 25ean.


Parisko 1937ko Nazioarteko Erakusketan erakutsi zen lehen aldiz, eta 1938an Norvegiara eraman zuten margolana; ¡urte horretan bertan, Londres, Leeds eta Liverpool hirietan ere ikusi ahal izan zen. 1939an, New Yorkera iritsi zen eta handik San Frantziskora eta Chicagora joan zen. Harvard hirian 1941ean eta 1942an erakutsi zen; Brasilen, berriz, 1953an. 1955 eta 1956 artean, Europako hainbat hiritan egon zen ikusgai. Europako bidaia amaituta, New Yorkeko Arte Garaikideko Museora itzuli zen. Eta hortik Madrilera, 1981ean. Gaur egun, Sofia Erregina Museoan dago lana, margolariaren ideia errepublikazaleei lotutako adarjotzea bailitzan. Eusko Jaurlaritzak ahaleginak eta bi egin ditu margolana Euskadira ekartzeko, hau da, margolanari izena ematen dion eta triskantza gertatu zen lurraldera ekartzeko.


2016an, Sabino Arana Fundazioak urteko sarietako bat eman zion “Guernica” margolanaren “unibertso sinbolikoari”, iraganeko izugarrikeriaren irudi eta, egun, bakearen ikur den aldetik.