Efemeridea 2021ko irailaren 9a

Gorgonio Renteria, euskal abertzaletasunaren lehen hizlari eskualdunetakoa

Gaurko lako egun batean jaio zen, 1868ko irailaren 9an, Elantxoben (Bizkaia).

Gorgonio Renteria, euskal abertzaletasunaren lehen hizlari eskualdunetakoa

Itsasgizona, politika-gaien inguruko hizlaria, Elantxobeko alkatea, EAJ-PNVren BBB eta EBBko burua eta lurraldeko diputatua Gerra Zibilaren aurretik. Geroago, erbestealdian, Baionako Eusko Laguntzako bulegoaren zuzendaria. Handik, laguntza handia eman zien gudariei eta erbesteratuei.


Gorgoniok Lekeition ikasi zuen nautika, eta 1900. urtearen inguruan, Merkataritza Nabigazioko kapitainaren titulua atera zuen Madrilen. Hogei urtetik gorako aldian, Filipinetan bizi izan zen eta bertako indigenen mugimendu politikoak ikasi eta ulertu zituen. Horretarako, lehengusu batekin batera, herrialdeko hainbat herritara joan zen.


Abertzale goiztiarra izan zen Renteria. 1904an, Euzko Gaztediren bilera batera joan zen Bilbora, Bizkaiko ordezkari gisa. 1916an, Elantxobeko alkate hautatu zuten. Bost urte eman zituen kostaldeko herri horretako alkate. Primo de Riveraren diktaduraren aurreko urteetan, Bizkai Buru Batzarreko eta EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen.


Lurraldeko diputatu ere izan zen. Bizkaiko Aldundian gogotik jardun zuen arrantzaleen eta, oro har, kostaldeko herrien egoera hobetu nahian, eta Bermeo, Ondarroa, Zierbena eta Bizkaiko beste portu batzuetako arrantzaleek omenaldia egin zioten kargua utzi baino apur bat lehenago.


Hizlari euskalduna izateaz gain, euskal olerkari ere izan zen. Ildo horretan, bere lanaren zatirik handiena Euskalzale aldizkarian argitaratu zuen, eta Euzkadi egunkarian ere kolaborazioak egin zituen sarritan, “Perularra”, “Errebido” ezizenak eta izena bera, “E.tar G.” erabilita. Ebaristo Bustintza Kirikiño eta Kepa Enbeita bertsolaria lagun min izan zituen.


Zaharturik zegoela, Gerra Zibilean, Ixaka Lopez de Mendizabal tolosarrarekin batera, frontetik zaurituta zetozen gudariak bisitatzen aritu zen, animatzen saiatuz eta haien senideen berri emanez. Tropa frankistek Euzkadi okupatu zutenean, Euzko Alderdi Jeltzaleak Baionako Euzko Laguntzako bulegoa antolatzeko eta zuzentzeko ardura eman zion.


1940ko urtarrilaren 27an hil zen, Lapurdiko hiriburuan, eta 1959an, Elantxobeko hilerrira eraman zituzten gorpuzkiak.