Efemeridea 2021ko uztailaren 12a

“Euzkadiko pabiloia” Parisko Nazioarteko Erakusketan

1937ko uztailaren 12an, Picassoren “Guernica” margolana lehen aldiz jarri zen ikusgai jendearentzat Espainiako Errepublikaren pabiloian, 1937an, Parisko Nazioarteko Erakusketaren barruan.

“Euzkadiko pabiloia” Parisko Nazioarteko Erakusketan

Hasiera batean, gerraren izugarrikeriak salatzeko sortu zen margolana, eta berehala bakearen ikur bilakatu zen mundu osoko biztanleentzat.

 

Kulturaren indarrek pabilioi hori erabili zuten Errepublikaren aurka altxatu ziren matxinatuen aurkako publizitate-arma gisa.

 

Pabiloia antolatzeko ideia Parisko enbaxadore Luis Arakistainena izan zen, baina Angel Ossorio Gallardok hartu zuen Arakistainen kargua inaugurazioa izan baino lehen. 

 

Euskal pabiloia, Sert eta Lacasa arkitektoek eraikitakoa, eraikinaren ezkerraldean zegoen. Pabiloi horretan, lehen solairuan, euskal margolaritzaren (48 margolari) eta eskulturaren (8 eskultore) erakusketa handia zegoen ikusgai. Pabiloiko komisariordea Bilboko Museoko artelanen arduradun Julian Tellaetxe margolaria zen. Tellaetxek, artelanak gerrako hondamenditik salbatzeko, “Blackworth” eta “Kentogpool” lurrunontzietan eraman zituen maiatzaren hasieran Frantziako hiriburura, eta Luxenburgoko pabiloian gordeta egon ziren. Geroago, Europako hainbat hiritan barrena erakutsi ziren, “Eresoinka” dantza-talde eta abesbatzarekin batera, gerrako zauritu eta euskal iheslarientzako baliabideak lortzen saiatzen zelarik.

 

Margolanen erakusketa horretaz gain, pabiloiko bigarren solairuan, Eibarko Armeria Eskolako lanen bilduma jarri zen erakusgai, euskal herri-jokoen piloten eta tresnen bilduma eta beste hiru atal egokitu ziren: lehenengoa, nekazaritzari buruzkoa, Luis Eleizaldek koordinatutakoa eta paisaia-mota guztietako argazkiz, nekazaritzako lanabesez, mapez eta abarrez osaturikoa; bigarrena, industriari buruzkoa, Alonsok eta Chaussonek koordinatutakoa; hirugarrenean, berriz, Euzkadiko Gobernuak gauzatutako gizarte-ekintzako lanak erakutsi ziren eta Bustosek koordinatu zuen.

 

Pabiloi horretan eta testuinguru horren barruan instalatu zuen Picassok “Guernica” margolana, eraikinaren beheko solairuan.