Efemeridea 2021ko otsailaren 1a

EUZKADI, euskal kazetaritzaren historia

Gaurkoa lako egun batean, 1913ko otsailaren 1ean, euskal kazetarik behinena izan zen Euzkadi egunkariaren lehen alea argitaratu zen.

EUZKADI, euskal kazetaritzaren historia

Gaurkoa lako egun batean, 1913ko otsailaren 1ean, euskal kazetarik behinena izan zen Euzkadi egunkariaren lehen alea argitaratu zen.


Egunkariaren hasierako garaietan, idazle handiek osatzen zuten erredakzioa, euskaraz zein gaztelaniaz. Besteak beste, Ebaristo Bustintza “Kirikiño”, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” eta Engracio Aranzadi “Kizkitza” aritu ziren Euzkadi-n.


Euzkadi Euzko Alderdi Jeltzalearen bozeramaile ofiziosoa izan zen, bai eta informazio orokorreko egunkaria ere. Egunkaria argitaratzeko, bi sozietate sortu ziren: Euzko Pizkundia, argitaratzailea, eta Sociedad Tipográfica General, egunero-egunero egunkariaren aleak inprimatzen zituena; bigarrenean, baina, beste egunkari batzuk ere inprimatzen ziren, kasurako, arratsaldean kaleratzen zen La Tarde egunkaria eta beste argitalpen batzuk. Euzkadi egunkariaz gain, Euzko Pizkundiak kirol-egunkari bat ere atera zuen kalera, Excelsior izenekoa, tirada handieneko estatuko kirol-egunkaria izatera iritsi zena.


Euzkadi egunkariak 1937ko ekainera arte zabaldu zituen euskal abertzaletasunaren ideiak, nahiz eta batzuek urtebeteko bizitza baino ez zioten iragarri. Matxinatutako tropek Bilbo okupatu zutenean, Falange Española Tradicionalista y de las JONS (Espainiako Falange Tradizionalista eta Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzarrak) alderdiak euskal egunkariaren instalazioak konfiskatu zituen eta, bertan “El Correo Español” argitaratzen hasi zen.


Iñaki Goioganaren erreportajea, DEIA egunkariaren “Historias de los vascos” sailean, 2010-02-6an argitaratutakoa doa erantsita.