Efemeridea 2020ko azaroaren 30a

Euskal abertzaletasunaren “esnalea”

Gaurkoa lako egun batean, 1892ko azaroaren 30ean, Arrigorriagako guda eta San Andres eguna ospatzen diren egunean, Sabino Aranaren “Bizkaya por su independencia” liburua argitaratu zen.

Euskal abertzaletasunaren “esnalea”

Liburu horren bidez, Espainiako kontakizun historikoak memoriatik ezabatutako gertakizun historiko batzuk azaldu nahi izan zizkien bizkaitarrei. Lan hori kaleratuta, egileak ez zuen azterketa politiko bat egin nahi izan, ezpada, “abertzaleen lau gorespen” azaleratzea baizik. Aranak “La Abeja” aldizkarian argitaratutako artikuluek osatu zuten liburua.


Hasiera batean, “Bizkaya por su independencia” liburuaren 2.000 ale argitaratu ziren. Argitalpen horretan, Arrigorriagako (888), Gordexolako eta Otxandioko (1355) eta Mungiako (1470) guden nondik norakoak azaltzen dira eta Bizkaia leondarren eta gaztelauen hedapen saiakeretatik defendatu zela interpretatzen da. Hala, liburu hori euskal abertzaletasunaren abiapuntua da.


1893ko ekainaren 3an, Sabino Arana gonbidatu joan zen Larrazabalgo baserrian Ramon de la Sota y Llano buru zuen euskalerriakoen taldeak antolatutako askari-afari batera, “Bizkaya por su independencia” delako liburuaren nondik norakoak ezagutzeko. Sabino Aranak, anaia Luisek eta lagun batzuek lagunduta, “Larrazabalgo zina” izeneko hitzaldia eman zuen baserri hartan, eta bertan zehaztu zituen bere ildo politikoak. Bilera eztabaida sutsuan amaitu zen, eta Arana anaiek ez zituzten gainerako parte-hartzaileak konbentzitu; azkenean guztiak EAJ-PNV alderdiko kide izan ziren.