Efemeridea 2021ko otsailaren 12a

Engracio Aranzadi Etxebarria “Kizkitza”: Euzkadi egunkariaren lehen zuzendaria

Gaurko lako egun batean, 1937ko otsailaren 12an, hain zuzen, hil zen Engracio Aranzadi Etxebarria. Gipuzkoako lehen euskal abertzaleetako bat izan zen, eta Sabino Aranaren ideologiaren bultzatzaile nagusietako bat, Arana hil eta gero.

Engracio Aranzadi Etxebarria “Kizkitza”: Euzkadi egunkariaren lehen zuzendaria

Gaurko lako egun batean, 1937ko otsailaren 12an, hain zuzen, hil zen Engracio Aranzadi Etxebarria. Gipuzkoako lehen euskal abertzaleetako bat izan zen, eta Sabino Aranaren ideologiaren bultzatzaile nagusietako bat, Arana hil eta gero.

 

Aranzadi 1873ko apirilaren 16an jaio zen Donostian. Zuzenbideko eta Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Salamancako eta Deustuko unibertsitateetan, hurrenez hurren, eta geroago, legelari ofizial jardun zuen Gipuzkoako Foru Aldundian.

 

1895ean, kolaborazioak egin zituen “Bizkaitarra” egunkarian, “Baso Jaun” ezizena erabilita. Egunkari horretan argitaratutako artikulu baten eraginez, Sabino Arana auziperatu eta espetxeratu zuten. Nolanahi ere, Aranzadi horren ardura bereganatzen saiatu zen, baina Aranak eragotzi zion eta Hendaiara erbesteratu zedila gomendatu zion.

 

Hendaiatik itzulita, lanean jarraitu zuen euskal prentsa nazionalistarentzat, eta horrek zigorra ekarri zion Sabino Aranaren heriotzaren bigarren urteurrenaren kariaz “La Patria” egunkarian artikulu bat argitaratzeagatik. Hori dela eta, bi hilabete eman zituen Larrinagako kartzelan.

 

1904 eta 1908 urteen artean, Eusko Alderdi Jeltzalearen eskualdeko ordezkaria izan zen Gipuzkoan. Lehen garai horretan, “Ereintza: siembra del nacionalismo vasco” lana argitaratu zuen.

 

1913an, “Euzkadi” egunkari sortu berriaren lehen zuzendari eta kudeatzaile izendatu zuten. Hogei urtetik gorako aldian, “Kizkitza” ezizena erabilita idatzi zuen. Primo de Riverak diktadura ezarri zuenean, egunkariak zentsura politiko handia jasan zuen eta euskara erabiltzea debekatu zioten.

 

Hala ere, Aranzadik “Euzkadi” egunkariaren buru izaten jarraitu zuen 1927ra arte eta kolaborazioak idatzi zituen hil zen egunera arte. 1937ko otsailaren 12an hil zen, Bilbon.

 

Informazio gehiago: “Trozos de Historia para construir nuestra Memoria”, DEIA, 2015-02-07 (Eduardo Jauregi).