Efemeridea 2021ko apirilaren 22a

Begoñako Andra Mari, Bizkaiko zaindari

Gaurkoa lako egun batean, 1903ko apirilaren 22an, Pio X. aita santuak Bizkaiko zaindari izendatu zuen Begoñako Andre Maria.

Begoñako Andra Mari, Bizkaiko zaindari

Gaurkoa lako egun batean, 1903ko apirilaren 22an, Pio X. aita santuak Bizkaiko zaindari izendatu zuen Begoñako Andre Maria.

 

1738ko ekainaren 18an, Batzar Nagusiek Bizkaiko zaindari izendatu zuten Begoñako Ama Birjina. Hala ere, Egoitza Santuaren berrespena beharrezkoa zenez, 1902ko urriaren 2ra arte ez zitzaion Bizkaiko Foru Aldundiari eskaera formala aurkeztu. Eskaera Bilboko alkateak eta Begoñako abade nagusiak sinatu zuten, Erromatik Begoñako Andre Mariari titulu hori eman ziezaioten.

 

Azkenik, legezko oztopo batzuk gainditu ondoren, 1903ko apirilaren 22an, Pio X.a aita santuak Begoñako Ama Birjina Bizkaiko zaindari izendatu zuen.

 

Ordutik hona, Begoñako Andre Mariaren eguna ospatzen da urriaren 11n, hau da, “Amatxu”-ren egun handia. Egun horretan, erromesaldiak antolatzen dira Bizkaiko hainbat lekutatik Begoñako basilikara, eta beste ekitaldi batzuk ere garatzen dira. Era berean, abuztuaren 15ean, milaka erromes joaten dira basilikara, Ama Birjinaren Jasokundearen eguna dela eta.

 

Bitxikeria gisa, esan behar da ohitura dela Bilboko futbol eta saskibaloi taldeek lore-eskaintza egitea Ama Birjinari denboraldiaren hasieran eta tituluren bat irabazten dutenean.

 

2012ko abuztuaren 11n, Sabino Arana Fundazioak koordinatzen duen Historias vascas atalean, Jesus Garitaonandia (G.B.) basilikako parrokoa izandakoak DEIA egunkarian argitaratutako erreportaje bat ekarri dugu hona. Erreportaje horretan, gerra garaian, Fortunato Unzuetak, Begoñako parrokiako arduradunak eta Eliodoro de la Torrek, Eusko Jaurlaritzako Finantza sailburuak, egindako ekintza arriskutsuaren berri eman zigun. Bi-biek, Begoñako Ama Birjinaren bitxiak jagoteko helburuz, Frantziako Tolosako banku batean gorde zituzten. Frankistek lapurreta izan zelakoan “mozorrotu” zuten balentria hura.