Efemeridea 2023ko urtarrilaren 12a

“Arabarra”, euskal abertzaletasunaren lehen agerkaria Araban

1912ko urtarrilaren 12an, “Arabarra” aldizkariaren lehen alea kaleratu zen Gasteizen, hots, euskal abertzaletasunaren Arabako agerkaria. 

Arabarra Arabarra

Hasiera batean, astero kaleratzeko asmoa izan zuten arren, hamabost egunik behin argitaratu zen azkenean. Arabarra aldizkaria EAJ Araban aurkeztu zen lehen hauteskundeen kanpainarekin batera agertu zen. Dena dela, laster etorri ziren lehen arazoak Espainiako agintariekin. Handik gutxira, gobernadore zibilak euskarazko artikuluak debekatu zituen. Aldizkariaren aurkako erasoak etengabeak izan ziren, harik eta, lehenengo aldiz, 1913ko abuztuan itxi behar izan zuen arte, baina 1918ko urrian berriro ere ikusi zuen argia. Egun horretan, Gasteizko abertzaleen (Elizalde, Baraibar, Ramirez de Olano, Zarate, Junquera, Apraiz, Mazarriaga, Ibarzabal, Diez eta Fernandez de Trokoniz) talde batek parte hartu zuen bilera batean, berriro argitaratzea erabaki zen, baina horrekin batera, Espainiako agintarien errepresioa itzuli zen.

1919ko otsailaren 26an, “Arabarra” ez zen argitaratu, gobernadore zibilak aldizkariaren lokalak okupatzeko agindua eman baitzion poliziari. 1919ko maiatzean, berriro ere desagertu zen. 1922ko ekainaren 3an, “Arabarra” aldizkariak hirugarren aldiari ekin zion, nagusiki Cayetano Ezquerrak eutsita, eta 24 ale argitaratu ziren, baina, atzera ere, 1922. urtearen amaieran eten zen. Ez zen berriro kaleratu 1931. urtera arte, hau da, II. Errepublika aldarrikatu baino lehentxeago. Azken garai hartan, 1931ko otsailetik martxora eta 1932ko abenduaren 24tik 1933ko erdialdera argitaratu zen, Gasteizko Gaztediren eskutik.

Roman Berriozabalek 2012ko urtarrilaren 7an DEIA egunkarian argitaratutako erreportajea erantsi diogu albisteari.