Efemeridea 2021ko uztailaren 8a

1978ko Sanferminak, erantzuleak oraindik ere auziperatu gabe

1978ko uztailaren 8ko arratsaldean, nafarrak harri eta zur geratu ziren Sanfermin jaietan poliziak eragindako istilu larriengatik. Egun hartako 20:45ean, urte horretako feriako bigarren zezenketa amaitzean, hogei bat gaztek pankarta bat erakutsi zuten, amnistia eskatzeko presoentzat eta, bereziki, urte hartako maiatzean Iruñean izandako gertakarien ondorioz espetxeratu berrientzat.

1978ko Sanferminak, erantzuleak oraindik ere auziperatu gabe

Plaza betetzen zuten ia 20.000 pertsona guztiz asaldatu ziren Ordena Publikoko Indarrak (FOP) deiturikoak istiluen aurkako materiala erabiliz jendaren aurka oldartu eta benetako sua erabiliz tiro egiten hasi zirenean. Zazpi pertsona zauritu zituzten zezentokian zorigaitzezko ekintza horretan. Baina hasiera besterik ez zen izan. 


22:00etan, manifestazio bat izan zen Iruñeko kaleetatik barrena, Gobernu Zibilerako noranzkoan, FOP zirelakoen jarrera salatzeko. Berriro ere, poliziak esku hartu eta tiro egin zuten, CETME fusila eta Z-70 subfusila erabiliz. German Rodriguez gaztea larri zauritu zuten. Beste bi gazte ere zauritu zituzten. Hala ere, poliziek ez zuen alde egin eta alde zaharretik tiroka jarraitu zuten.


Sasoi hartan, Adolfo Suarezen gobernuko barne ministro zenak, Rodolfo Martín Villak, Kongresuan egindako agerraldian, aitortu zuen 1978ko uztailaren 8an 5.000 pilota, 1.000 ke-pote eta hainbat kalibretako 150 bala jaurti zirela.
Istiluak izan eta hiru egunera, Germanen heriotzagatik protesta egiten ari zen Jose Ignacio Barandiaran gaztea ere hil zuen poliziak Donostian.


43 urte igaro dira gertaera haiek jazo zirenetik eta oraindik ere ez da inor auziperatu gertatutakoagatik.


Josu Chuecak DEIA egunkariaren “Historias vascas” sailean, 2012ko uztailaren 7an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.