Euskadi Think Next 2024ko otsailaren 6a

«Euskadi Think Next» ekimenak Euskadiko osasun-sistemaren etorkizunari erreparatuko dio

Medikuntza eta Erizaintzako profesionalek eta euskal gizarteko hainbat esparrutako ordezkariek, guztira, berrogeita hamar bat lagunek, parte hartu dute EAJ-PNV alderdiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldian.

«Euskadi Think Next» ekimenak Euskadiko osasun-sistemaren etorkizunari erreparatuko dio «Euskadi Think Next» ekimenak Euskadiko osasun-sistemaren etorkizunari erreparatuko dio

«Euskadiko osasun-sistemaren etorkizuna» erabili dute aztergai gaur arratsaldean Bilboko Zabalguneko eraikinean egin den «Euskadi Think Next» berrikuntza politikoren laborategiaren jardunaldian.

Albert Planes sendagile eta Kataluniako Lehen Mailako Arretako Bilguneko kidea; Itziar Vergara BioGipuzkoako sendagile eta zuzendari zientifikoa; eta Ander Urruticoechea Onkologikoko zuzendari eta Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko irakaslea izan dira hizlari nagusiak topaldian; bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako ospitale eta osasun-zentroetako osasun-arloko hainbat profesionalek ere parte hartu dute.

Albert Planesek azaldu du Lehen Mailako Arretaren eginkizuna zertan datzan «eskakizun handiko ingurumari batean». Familia eta Komunitateko Medikuntzan aditua den Planesen esanetan, «urte askotan, familia-mediku bera izatea oso onuragarria da pertsonen osasunerako». Ildo horretan, nabarmendu duenez, «2 urtez jarraian familia-mediku beraren arreta izanez gero, heriotza-tasa % 8 txikituko da. Mediku berak 15 urtez arreta emanez gero, % 25 beheratuko da».

Era berean, «familia-mediku berrien prestakuntza eta familia berdinei arreta emateko beharra» sustatu behar dela azpimarratu du. Planesen iritziz, «horixe dugu osasun-neurri eraginkorrenetakoa, edozein sendagai baino askoz gehiago».

«Familiako medikuek pazienteen konfiantza behar dute. Eta, orobat, osasun-arduradunen eta gainerako espezialisten babesa eta errespetua ere bai. Osasun-sistemaren erreforma ezinbestekoa eta premiazkoa da egoera hori ahalbidetzeko», ziurtatu du.

Bestalde, Itziar Vergarak «pandemiaren osteko» gizartearen egungo osasun-egoera aztertu du.

Vergarak adierazi duenez, «pertsonen osasuna gertakari konplexua da, eta hainbat mailatako baldintzatzaileek eragiten diote. Banako baldintzatzaileak erraz identifika daitezke, adibidez, genetikoak eta bizi-ohitura jakin batzuk eta horiek guztiek gaixotasunen garapenean duten eragina».

Hala ere, familiako sendagilearen arabera, azterketa ez da horren erraza. «Bizi-ohiturak, hau da, jateko modua, ariketa fisikoa egiteko modua, alkohola edo tabakoa kontsumitzeko era… ez dira soilik norbanakoaren erabakien zioz jazotzen. Badira gizarte-esparruko hainbat alderdi garrantzizko ere, kasurako, hezkuntza edo laneko baldintzak, besteak beste, erabaki horri eta, beraz, osasunari eragiten diotenak», adierazi du.

«Osasunari osotasunez heltzeko ekimenak eta osasuna hobetzeko ekimenek aintzat hartu behar dute baldintzatzaileen multzo konplexua, eta hori, bistakoa denez, ezin da osasun-laguntzako zerbitzuetan bakarrik egin. Hainbat tokitan agertzen diren faktore asko elkarren artean lotuta dauden hurbilketa askotatik baino ezin dira jorratu», baieztatu du.

Azkenik, Onkologikoko zuzendari eta Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle Ander Urruticoecheak Euskadiko osasun-sistemaren etorkizunari buruzko hausnarketa egin du. Urruticoechea sendagilearen arabera, «gure eremuko osasun-sistema baten etorkizunaren edozein azterketak abiatu behar du herritarren eta zainketak ematen ituzten erakundeen arteko harremanaren ezaugarriei buruzko gizarte-sentiberatasunaren aldaketak dakarren aukeratik. Aldaketa hori hasiberria da, hezkuntzatik eta komunikaziotik sustatu behar da, betiere umiltasun handiz eta osasun-kudeatzaileek eskueran jartzeko gogoz».

Hitzaldian, Urruticoecheak osasun-sistemaren etorkizuneko baldintzatzaile ezagunak erabiltzeko proposamen zehatz batzuk aletu ditu (digitalizazioa, emaitzetan oinarritutako kudeaketa, I+G, osasun-egitura berriak eta beste) testuinguru berrirako egokitzapen beharrezkoa errazteko.

«Egokitzapen hori ‘behetik gora’ baino ez da gauzatuko, kudeaketa klinikoaren gaikuntza eta herritarrekiko elkarreragintasun gisa. Ez da egiturazko aldaketa handiak bultzatzeko garaia, ezpada, pertsonen kudeaketa-ereduaren berrikuspen sakona egitekoa», nabarmendu du Urruticoecheak.

Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren arduradun eta «Euskadi Think Next» ekimenaren zuzendariak, eta Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkari Mireia Zaratek aurkeztu dute EAJ-PNVk eta Sabino Arana Fundazioak, euskal gizartearekin batera, abian jarri duten «Euskadi Think Next» jardunaldi berri hau, oraingo eta geroko erronkei aurre egiteko helburuz.