2025ko Sabino Arana Sariak
Eduardo Anitua
Sabino Arana Fundazioak Anitua doktorearen ibilbide bikaina nabarmendu eta goretsi nahi du, munduko erreferente esanguratsuenetakoa baita ahoko inplantologian eta medikuntza birsortzailean.
Stanford Unibertsitateak gertatzen duen Ranking of the World Scientists zerrenda sonatuak bermatzen du Anituaren nazioarteko ospea. Izan ere, zerrenda horren arabera, munduan gehien aipatzen diren eta eragin handiena duten zientzialarien % 2ren artean dago; gainera, munduko odontologo garrantzitsuenetako bat da. Gasteizen egoitza daukan BTI Biotechnology Institute erakundearen sortzaile eta zuzendari zientifikoa da. Anitua doktorearen ikerkuntzarekiko konpromisoak zientziaren berrikuntza eta ikusgarritasuna bultzatu ditu, bai Euskadin, bai Estatuan.
Sari hau emanda, Sabino Arana Fundazioak eskerrak eman nahi dizkio doktore gasteiztarrari aurrerapen zientifikoan egindako ekarpenagatik eta komunitatearekiko loturagatik, lana Euskaditik garatuz eta euskal lurraldearen izena bioteknologia globalaren maila gorenera igoz.
Enrike Zelaia
Sabino Arana Fundazioak Enrike Zelaia musikari, konpositore eta folklorista nekaezina omendu nahi du, soinu-musikaren eta -kulturaren bitartez euskal nortasuna ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen egindako lan oparo eta funtsezkoagatik. Enrikeren bizitza etengabeko konpromisoa izan da berezko tradizio eta balio kulturalak biziberritzeko ikerlanean.
Zelaiak ekarpen bikoitza egin digu: identitarioa (eragile nagusia izan da Altsasuko inauteriak berreskuratzen eta hango momotxorroak nazioartekotzen) eta musikala, hauspo edo eskusoinu herrikoiaren aurrekaririk gabeko errepertorio musikala sortu, duindu eta zabaldu duelako, kasurako, «Zazpiak Bat» antologiaren bidez. Nafarroatik garatutako lana da zutarria, komunitateak parte hartzeko estrategia berritzaileetan oinarritua.
Bera Bera Eskubaloia
Donostian, 1983an, sortu zenetik, emakumezkoen eskubaloiaren erreferente izan den Bera Beraren ibilbide bikaina aitortu nahi du Sabino Arana Fundazioak. Palmares bikaina duela ‒9 liga, 8 kopa eta 10 superkopa‒ klubak Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren irudia bultzatu du nazioarteko kirol-esparruan, eta gainera, emakumezkoen eskubaloiaren inguruko zaletasun sendoa erein.
Taldearen konpromisoa balio etikoak lantzeko, hala nola prestakuntza, aukera-berdintasuna, esfortzua, diziplina eta talde-lana lantzeko, Bera Bera eredu bihurtu da kirolarien belaunaldi berrientzat eta funtsezko eragilea da gure emakumeen kirola ikusarazten Euskadin. Bera Beraren ibilbidea harrotasun kolektiboaren arrazoi garbia da, eta etorkizuneko belaunaldiek oinarri erabiliko duten adibide paregabea.
Etxeondo
Sari hau emanda, Sabino Arana Fundazioak gorazarre egin nahi dio Etxeondori, 1976. urtetik ehungintzako jakintza eta txirrindularitzarekiko grina uztartu dituen enpresa gipuzkoarrari, gaur egun goi-mailako kirol-modaren nazioarteko erreferente delarik. Etxeondoren ibilbide eredugarria, kalitatean, etengabeko berrikuntzan eta jantzi bakoitzaren artisau-zaintzan oinarritua, lagungarria izan da kirola duintzen eta euskal industria mundura hedatzen. Etxeondok gure enpresa-tradizioan sakon errotutako balioak irudikatzen ditu, hala nola bikaintasuna, zintzotasuna, ahalegina eta lurraldearekiko konpromisoa, eta horiek guztiek enpresa eredugarri bilakatu eta bilakatzen dute Etxeondo. Horregatik guztiagatik, Sabino Arana Fundazioak Etxeondoren ekarria aitortu nahi du eta txirrindularitzari eta Euskal Herriari eskainitako mende erdia omendu.
UNRWA
Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) Sabino Arana Saria merezi du 1949. urtean sortu zenetik justiziaren, bakearen eta giza eskubideen defentsaren alde izan duen konpromiso errimeagatik. Erakundearen funtsezko eginkizuna, hau da, milioika iheslari palestinarren hezkuntza, osasuna eta babesa bermatzea, guztiz bat dator euskal abertzaletasunaren tradizio humanista, solidario eta demokratikoarekin. Sari honek agerian jarri nahi du gatazken konponbide baketsuaren aldeko euskal apustua, bai eta herriek, kasu honetan, palestinar herriak, duintasunez bizitzeko eta palestinarren etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea ere. Gainera, Euskadik gogotik hedatzen du nazioarteko elkartasuna UNRWA-Euskadi antolakundearen bitartez, ekarpen ekonomikoak eta teknikoak eginda. UNRWA aintzatestea, batik bat, Gazako berealdiko krisi humanitarioaren inguruabarrean, Euskadik mundu bidezkoagoa, aurrerakoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko daukan bokazioa berrestea da, bokazio hori garrantzi handiko keinu politiko eta etiko bihurtuz.
Juan Mª Atutxa
Ibilbide instituzional bikainagatik, indarkeria garaian erakutsi zuen kemenagatik, bizikidetza demokratikoaren aldeko apustuagatik eta Sabino Arana Fundazioan buru-belarri aritu izanagatik, Juan Mª Atutxak hobeto ezinean barruratzen ditu Sabino Arana Sariari darizkion balioak: euskal nortasuna, zerbitzu publikoa, ausardia, konpromisoa eta bakegintzarako ahalegina. Juan Marik bere ibilbide oparoan izan duen jarrera, eta, bereziki, Eusko Legebiltzarreko lehendakaritzatik izan zuena, gizalegezko adorearen eta uste demokratiko sendoen erakusgarri aparta da.
Sabino Arana Fundazioak jendaurrean aintzatetsi nahi du Juan Mari Atutxa, zerbitzu publikoari eskainitako bizitza, Euskadiren alde gogotik egindako lana, bizikidetza demokratikoaren defentsa, erakutsitako osotasuna eta gure herrian utzi duen arrasto morala direla eta.
Honako hau ez da Juan Mari Atutxari egindako omenaldi hutsa, euskal erakundeak eta bizikidetza indartzen lagundu duen ondare petoari egindako omenaldia baizik. Orobat, aitorpen zintzoa da Euskadi osotasunetik, gogoetatik eta konpromiso kolektibotik defendatu duten guztientzat.