Prentsa oharra • 2026ko maiatzaren 20a
Sabino Arana Fundazioak eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak Arizmendiarrietak bultzaturiko pentsamendu humanistak enpresan duen indarra aldarrikatu dute gaurko mintegian
Bilbon egin den mintegian, giza duintasunean, parte-hartzean eta komunitatearekiko konpromisoan oinarrituriko pentsamoldearen indarra azpimarratu da.
Sabino Arana Fundazioak eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak Arismendiarrietak bultzaturiko pentsamendu humanistak enpresan duen indarra aldarrikatu dute gaurko mintegian
Sabino Arana Fundazioak eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak «Jose Maria Arizmendiarrieta: duintasuna, lana eta komunitatea. Indarrean dagoen pentsamolde sendoa» izeneko mintegia egin dute gaur, Mondragon esperientzia kooperatiboaren bultzatzailearen heriotzaren 50. urteurrena gogorarazteko antolatu den Arizmendiarrietaren urtea. Enpresa humanistaren urtea deituriko ekimenaren esparruan.
Topaldiak hainbat arlotako adituak bildu ditu, Jose Maria Arizmendiarrietaren jarauntsiaren giza, gizarte eta enpresa dimentsioari buruz hausnartzeko, eta bertan, Arizmendiarrietaren pentsamoldearen gaurkotasuna azpimarratu da, ziurgabetasun ekonomikoa, lanaren eraldaketa eta erreferente etiko berrien bilaketa egunean-eguneango autu bilakatu zaizkigun gizarte garaikidean.
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko kide eta Laboral Kutxako bazkide Jon Emaldik azpimarratu du Arizmendiarrietaren pentsamendua enpresen bultzadaren ikuspegitik aztertzearen garrantzia. Gogorarazi du berak sustatutako kooperatibak direla euskal enpresa-talde nagusia gaur egun eta estatuko garrantzitsuenetakoa, eta eztabaidagaitzat mahairatu du ea kooperatibak ez diren enpresek kudeaketa humanistako jardunbideak erabil ditzaketen –eta erabili behar ote dituzten–, enpresa-lehiakortasuna eta langileen gogobetetzea aldi berean hobetzeko.
Bestalde, Jon Mentxakatorre filosofo eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Euskal Pizkundearen eta Gasteizko Seminarioaren semetzat deskribatu du Arizmendiarrieta, eta pertsona garrantzitsu batzuek, besteak beste, Jose Migel Barandiaranek eta Manuel Lekuonak berarengan izan zuten eragina azaldu du. Era berean, Gizabide izeneko programa aletu du, hiru ardatzen inguruan egituratuta dagoela aipatuta: pertsonalismo kristaua Arizmendiarrietaren pentsamenduaren oinarri espiritual eta etiko gisa; kooperatibismoa ekonomiaren eta ekoizpenaren esparruan; eta herrigintza, eraikuntza komunitario eta herriarekiko konpromiso gisa ulertuta.
Azkenik, José Antonio Fernández Lomberak, Deustuko Unibertsitateko irakasle emerituak, hurbilketa biografiko bat eskaini du «Jose Maria Arizmendiarrieta: apaiza, liderra eta langile nekaezina» izenburuaren ildoan. Arizmendiarrietaren bizitza jorratu du eta azpimarratu du Arizmendiarrietak ideiak eta balioak pertsonen eta eraldaketa sozialaren zerbitzura jartzeko ekimen zehatz bihurtzen izan zuen gaitasuna.
Sabino Arana Fundazioaren zuzendari Eduardo Araujok moderatu duen mintegi honetan, agerian jarri da Jose Maria Arizmendiarrietaren jarauntsia esparru ekonomikotik haratago doala, eta erreferentzia izaten jarraitzen duela enpresaren gizarte-eginkizunari, langileen parte-hartzeari eta eredu gizatiarragoak eta solidarioagoak eraikitzeko beharrari buruz hausnartzeko.