Prentsa oharra • 2025ko irailaren 21a
Zirardamendi-Aiastian hildako gudari eta milizianoen aldeko omenaldia Elgoibarren
Sabino Arana Fundazioak, hainbat elkarte memorialistak eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute aurten ere Elgoibarko Udalak urtero-urtero antolatzen duen lore-eskaintzan, Euskadiko askatasun zibil, politiko eta sozialen aldeko borrokan jardun zuten gudari eta milizianoen omenez, bereziki, 1936ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastiako frontean (San Migel) hil ziren hamalau gudari eta milizianoen omenez.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak buru jardun du hildako 14 gudari eta milizianoak lurperatu zituzten hobi komunetara egindako biditan. Alkatearekin batera, Ager Izagirre, Herri Administrazioaren eta Erakunde Harremanen Saileko Bizkaiko foru diputatuak;Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren zuzendariak, Iñigo Caminok, Alfredo Etxebarria Elgoibarko alkate ohiak eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioaren historialariak parte hartu dute ekitaldian.
Hilobietara egindako bisitaldian, Goioganak euskal soldadu gazte haiek eginiko sakrifizioa gogoratu du, eta oroimen historikoa gordetzearen garrantzia azpimarratu du, iraganeko gertaerak gogoratzeko ez eze, gazte haiek aldeztu zituzten oinarriaak eta idealak etorkizuneko eredutzat izateko ere. «Behar-beharrezkoa dugu leku honetan borrokan ibili zirenen askatasun eta demokraziaren inguruko idealak geureganatzea eta horiek aldarrikatzea», azpimarratu du.
Ibilbidearen amaieran, Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetru gudariek, Arana Goiri batailoikoek eta Zirardamendiko gudako beteranoek, 1952. urtean jarri zuten gurutzean lore-eskaintza egin zuten erakunde-ordezkariek.
Ondokoen oroimenean: Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Felix Arbulu.