Prentsa oharra • 2026ko urtarrilaren 27a
Arantxa Tapiak Bruselan defendatu du autogobernua duten erregioek zeregina badutela XXI. mendeko Europan
- Sabino Arana Fundazioaren presidentea atzo arratsalde-gauean hitz egin zuen erregioei Europaren eraikuntzan dagokien zereginaz egin zen mahai-inguruan.
Sabino Arana Fundazioaren presidente andre Arantxa Tapiak atzo bertan Bruselan defendatu zuen fundazio politikoen eta gaitasun arautzailea duten lurraldeen eginkizuna, Europaren epe luzerako ikuskera bat bultzatzeko ezinbesteko esparru gisa, “Renewing Europe. The regions, key players in the construction of the European Union” izenburupean Europako hiriburuko Renaissance hotelean egin zen mahai-inguruan.
Sabino Arana Fundazioak EAJ-PNVrekin eta Renew Europerekin batera antolatutako topaketa hau izan da Fundazioaren Hausnarketa eta Eztabaida Tribunak Estatutik kanpo egin duen nazioarteko lehen gertakizuna.
Hitza hartzea egokitu zitzaionean Tapiak azpimarratu zuenez “alderdi politikoen fundazioek eta think tank-ek eguneroko arazoetatik kanpo hausnartzeko aukera ematen dugu, ikuspegi anitz eta askotarikoak eskainiz, herri estrategia ahalbidetuz eta XXI. mendeko Euskadi eta Europa eraikitzeko aukera emanez”. Ildo beretik, bideak irekitzeko beharra aldarrikatu zuen, hausnarketa horiek erabakiak hartzeko prozesuetan eragin dezaten: “Ez gara lobbyak, baina konponbide berritzaileak pentsatzen lagun genezake, dagokien arauetan jasotzeko”.
Sabino Arana Fundazioaren presidenteak azpimarra jarri zuen autogobernua duten lurraldeen berezko balioan:“Gaitasun arautzailea daukagun estatu azpiko lurraldeok hiritarrengandik hurbilago ari gara eta arinago eta hurbiltasun handiagoarekin erantzun dezakegu. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa, ogasun propioa eta osoko autonomia finantzarioa ditugula, asko dugu eskaintzeko Europar Batasunaren eraikuntzan, bereziki Donald Trump eramaten ari gaituen nazioarteko egoera berri honetan”.
Polarizazio, populismo eta desafekzio politikoak dakartzaten arriskuen aurrean, Tapiak aldarrikatu zituen “giza garapen jasangarria eta Europa arina, ilusioa sortzeko gai izango dena eta pertsoaa gazteei proiektu inspiratzailea eskainiko diena, bertan geratzera edo bueltatzera animatuz”.“Inspiratzaile izan behar dugu eta itxaropena eman, Europa zahartuaren irudi horren aurrean”, adierazi zuen.
Industriaren esparruan, Euskadiren garrantzia azpimarratu zuen, EB mailan lurralderik industrializatuenetakoa den aldetik eta Europaren berrindustrializazioari egiten dion ekarpenagatik: “Etorkizuna duten sektore estrategikoak ditugu, hala nola energia berriztagarriak, bai eta nazioartean erreferente den makina-erremintaren industria ere. Europaren autonomia estrategikorako bidean, asko dugu esateko eta eskaintzeko”.
Mahai-inguruan hitza hartu zuten EAJ-PNVren EBBko presidente Aitor Estebanek, eta europarlamentari jeltzale Oihane Agirregoitiak. Moderatzaile gisa, EBBko burukide Miren Martiarena. Haiekin batera izan ziren Billy Kelleher, eurodiputatu irlandarra; Raquel García Hermida-Van Der Walle, Herbehereetako eurodiputatu (D66) eta Europako Parlamentuan Erregioen Garapenerako Batzordearen ko-koordinatzailea eta Alice Bernard-Montini, Young Democrats-en presidentea.