Hedabideentzako deialdia • 2025ko urriaren 30a
Gurutze Aizpuruak, Mundu Bakean antolakundekoak, nazioarteko lankidetzaren ikuspegi feminista jorratuko du SAFen
Hitzaldia: “Nazioarteko lankidetza feministarantz”. Urriaren 30a, osteguna, 19:00etan.
Hitzaldia: “Nazioarteko lankidetza feministarantz”, Gurutze Aizpuruarekin (Mundu Bakea).
- 2025ko urriaren 30a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Nazioarteko lankidetzak bilakaera esanguratsua izan du desberdintasunei aurre egiteko ikuspegiaren lanketan. Hasieran, ikusmoldea genero-ikuspegia txertatzean oinarritu zen, gizonen eta emakumeen arteko ekitatea eta emakumeen ahalduntzea helburu bilakatuta. Eta ekimen hori urrats erabakigarria izan bazen ere, sarritan zeharkakotasun teknikoa lantzera mugatu zen, azpiko botere-egiturak zalantzan jarri gabe.
Ikuspegi horren aurrean, nazioarteko lankidetzaren ikuspegi feminista azaleratu da, ikuspegi askoz ere asmo handiagokoa eta eraldatzaileagoa. Nazioarteko lankidetza feministak ez dio aski irizten lehendik dauden proiektuei «emakumeak gehitzeari» edo desparekotasun edo desberdintasunaren ondorioak arintzeari; aitzitik, gizarte-eraldaketa sakona lehenesten du.
Gizarte-eraldaketa sakonaren ikuspegi hori hainbat erakunderen zutabea da egun, hala nola nazioarteko joera bakezale garbia daukan Mundu Bakean euskal antolakundearena. Mundu bakearen lanak garapenaren ikuspegi murriztailea gainditzeko beharra azpimarratzen du, eta ikuspegi feminista zeharkakoa eta dekoloniala landuz, pertsona guztien giza eskubideen defentsari eta lurralde guztietan bakea eraikitzeari ekiten dio.
Hitzaldian, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen Gune Feministak garatzen duen lana aurkeztuko du Gurutzek, tokiko eta nazioarteko mugimendu feministekiko lankidetza koherentea sustatzen duten euskal erakundeen arteko ardatza den aldetik, bizitza, zaintza eta ekitatea politika publikoen eta nazioarteko aliantzen erdigunean kokatzeko beharra hizpide hartuta.
Mundu Bakean antolakundetik bultzatutako ekimenak ere partekatuko ditu, Hegoalde Globalko gizartea, ekonomia eta ingurumena eraldatzeko prozesuetan diharduten emakumeen lidergoak duen garrantzia azpimarratuz, bereziki, emakume historikoen eta feministen erakundeekin egindako lana azpimarratuz, hala nola Guatemalako Emakumeen Batasun Nazionalarekin (UNAMG) egindakoa.
Azken batean, nazioarteko lankidetza feminista bultzatzea justizia globala, bizitzaren iraunkortasuna eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aliantza feministak eraldatzeko bidea urratzea, mundu bidezkoagoa eta zapalkuntzarik gabea lortzeko beharrezkoak baitira.