Efemeridea 2023ko martxoaren 29a

Denak batera foruak berreskuratzeko.

Gaurkoa lako egun batean, 1976ko martxoaren 29an, 20 udal Bergaran batu ziren Juan Carlos I.a erregeari idatzi bat bidali eta foruen erabateko berreskuratzea eskatzeko.

Bergarako Udala (1976) Bergarako Udala (1976)

Eskaera horren bidez, 1839ko Lege indargabetzailea kaleratu baino lehen, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak zeukaten estatus juridikoa berreskuratu nahi zuten.

Hala ere, testua prestatzeko bidea ez zen erraza izan. Udalek erregeari bidaltzeko idazkia prestatzen zuten bitartean, Probintziako Aldundiak azterlan bat egin zuen, udalen parte-hartzerik gabe. Orduan, udalek euren ekarpenak kontuan hartzeko eskatu zuten. Aldundiak onartu egin zuen eskaera, baina, aldi berean, udalek jakin izan zuten azterlana Madrilera bidalita zegoela era ofizialean, haien iritzia kontuan hartu gabe.

Idazkiaren edukiari dagokionez, eskakizun nagusiak honako hauek izan ziren: lehenengoz eta bat, 1876ko uztailaren 21eko Euskal Probintzietako Foruak indargabetzeko legea aldarrikatu zeneko mendeurrenarekin bat etorriz, udalek erregeari eskatu zioten foruak berrezartzeko eta estatus juridikoa berreskuratzeko. Bigarrenik, autonomia estatutu bat idazteko eskatu zuten, eta, azkenik, estatutu hori euskal udalerriak ordezkatzen zituen batzorde batek egin zezan.

Hauek izan ziren Erregeari idatzi zioten 20 udalak: Bergara, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Antzuola, Elgeta, Soraluze, Zarautz, Usurbil, Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Legazpi, Urretxu, Ormaiztegi, Gabiria, Ataun eta Markina.