Efemeridea 2022ko irailaren 8a

104 urte bete dira Eusko Ikaskuntza sortu zenetik

Elkartea 1918ko irailaren 1etik 8ra Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarrean sortu zen.

Eusko Ikaskuntzaren bigarren Biltzarra iragartzeko kartela, Antonio de Gezalarena.

Orain dela 104 urteko irailaren 8an (1918an) euskal gaien ikaskuntzaren inguruko lehen biltzarra amaitu zen Oñatin. Lehen aldia zen ideologia eta sinesmen guztietako hainbeste intelektual batzen zirela euskal gizarteari eta kulturari buruzko esperientzia, teoria eta ikerketen berri elkarri trukatzeko. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundien ekimenez, orduan sortu zen Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos, biltzarrean gauzatutako lanei jarraipena emateko asmoz.

Orduz geroztik gaur egun arte −Gerra Zibilaren eta diktaduraren etenaldi luzea kenduta, jakina−, Eusko Ikaskuntzak antolatutako euskal gaiei buruzko biltzarrak antolatu ohi dira aldiro, estrategia bikoitzari helduta: batetik, ikerketa eta kultura sustatzea, eta, bestetik, gizartearen benetako beharrei erantzutea, etorkizunean aurrera egin ahal izateko erronkei aurrea hartuta.

Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarra (1918)

Lau euskal diputazioetako lehendakariek eta Gasteiz, Iruñea eta Baionako gotzainek osatutako batzorde batek Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarra antolatu zuen Oñatiko Unibertsitatean 1918ko irailaren 1etik 8ra. Zazpi ponentzia landu ziren: Antropologia; Hizkuntza; Historia; Artea; Irakaskuntza; Politika eta Gizarte Zientziak; eta Euskal gaien ikaskuntza. Alderdi akademikoarekin batera, antzerki-emanaldiak, erlijio-ospakizunak, kontzertuak, dantzak, jaiak eta abar egin ziren.

Lehen biltzar horren emaitza nagusia Eusko Ikaskuntzaren sorrera izan zen, lau aldundien eskutik, eta handik gutxira, biltzarrean erabakitakoa betez, Euskaltzaindiaren sorrera.

Honekin batera doakizu Joseba Agirreazkuenagak Deia-ko Euskal Istoriak atalean 2018-3-10ean argitaratutako erreportajea