Efemeridea 2023ko martxoaren 9a

Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak: aro berri baten hasiera.

Gaurkoa lako egun batean, 1980ko martxoaren 9an, Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak egin ziren. EAJ garaile atera zen eta Carlos Garaikoetxea izendatu zuten diktaduraren osteko lehen lehendakaria.

Deiaren azala. Deiaren azala.

Hauteskunde hartan aukeratu ziren 60 legebiltzarkideetatik (20 lurralde historiko bakoitzeko), jeltzaleek 25 jesarleku eskuratu zituzten, botoen % 38,1 lortuta. Gainerako alderdien emaitzak, berriz, hauek izan ziren: HB (Herri Batasuna): 11 jesarleku; PSE (Euskadiko Alderdi Sozialista): 9; Euskadiko Ezkerra eta UCD (Zentro Demokratikoaren Batasuna): 6na jesarleku; AP (Alianza Popular): 2; eta PCE-EPK (Alderdi Komunista): 1.

Hauteskunde eguna normaltasun osoz joan zen arren, partaidetza urria izan zen, batetik, eguraldi txarragatik, eta bestetik, bozketa igandean egin zelako. Hala ere, eguerdiko hamabietatik ordu bietara, jendea mezatik irten eta kopaua hartzeko garaian, eguraldiak hobera egin zuen, eta aldi horretan joan ziren hautesleen %25 botoa ematera.

EAJ izan zen Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskunde horien irabazle garbia, 1979ko martxoaren 1eko hauteskunde orokorretan baino ia 75.000 boto gehiago lortu zituela. UCDk eta sozialistek, ordea, porrot handia izan zuten aurreko urteko hauteskundeekin alderatuta. PSOEk, esaterako, ia 60.000 boto galdu zituen.

Hauteskunde haietako bi pasadizo aipatu behar ditugu. Carlos Garaikoetxeak, EAJren hautagaiak, ezin izan zuen botoa eman, Zarauzko hautesle-erroldan, hau da, bere bizilekuan, izena emanda ez zegoelako. Era berean, Telesforo Monzón Herri Batasunako hautagaiak ere ezin izan zuen Bergaran bozkatu, arrazoi beragatik.

Lehen aldiz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak erakunde politiko erkideak izan zituzten. Eusko Legebiltzarrak hutsetik hasi behar zuen, eta barne-antolaketa eratzea izan zen helburu nagusia.

Gobernu osatu berriak gauzatu behar izan zuen zeregin nagusiak hauexek izan ziren: Euskadi erakundetzea, berezko kultura garatzea eta indarkeriak, langabeziak eta krisi ekonomikoak sortutako arazoei aurre egitea. Horretarako, EAJk harremanak estutu nahi zituen gai bakoitzean jeltzaleen aldeko jarrera erakusten zuten alderdiekin, baina koalizio gobernua sortu gabe.

Abertzaleen garaipenaren ostean, Carlos Garaikoetxeak batasun eta anaitasun mezua helarazi nahi izan zien euskal herritarrei. Era berean, Adolfo Suarez Gobernuko presidentearen zorion-mezua jaso zuen, eta euskal erakundeen, Estatuko Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko lankidetza-sarea sortzeko prest agertu zen.