Efemeridea 2022ko azaroaren 29a

Mikel Urreta Etxebeste, gaurkoa lako egun batean hil zen, 1961eko azaroaren 29an

Gipuzkoako Diputazioan aukeratutako lehen euskal abertzalea izan zen, 1917an

Mikel Urreta Mikel Urreta

1881eko uztailaren 9an jaio zen Urnietan (Gipuzkoa). Deustuko Unibertsitateko industria-ingeniari ikasketak amaitu ostean, 1913an, Donostiako Udaleko zinegotzi hautatu zuten.

CNV alderdiko buruzagia zela, 1917ko martxoan, Gipuzkoako Diputazioan jarduteko hautatu zuten lehen hautagai nazionalista izan zen. Eta kargu hori zeukala, 1917ko uztailaren 16an, Gasteizen egindako foru-aldundien batzarrean parte hartu zuen.

1930eko hamarkadaren hasieran, Abelino Barriolarekin batera, CNV eta EAJ-PNV alderdiak bateratzeko egin ziren negoziazio-mahaiko kide izan zen, CNVren izenean.

1930eko apirilean, Prensa Editorial Católica S.A. sozietatea sortu zuen (El Día egunkariaren argitaratzailea), beste abertzale eta karlista esanguratsu batzuekin batera. Literatura- eta kazetaritza-ekoizpen handiko gizon horrek El Día, Euzkadi eta Agerre egunkarietan argitaratu zituen idazlanak.

1936an, gerra piztu zenean, ondasun guztiak konfiskatu zizkioten, besteak beste, “Echeberria eta Urreta” lantegia. Gipuzkoa galdutakoan, Lekeitiora joan zen, Bilbon Iparralderanzko ontzi bat hartzeko xedez. Azkenik, Azkainen finkatu zen.

Urte batzuk geroago, Alacanten bizitzeko baimena lortu zuen, baina handik urtebetera Euskadira itzuli zen. Donostian hil zen, 1961eko azaroaren 29an.