Efemeridea • 2025ko urriaren 2a
Bermeoko tostartekoak, euskal arrantzaleen sindikalismoaren hazia
Elkartea 1932ko urriaren 2an sortu zen eta itsasgizonen arteko lankidetza nahiz arrantza-sektoreko arazoen konponbidea zituen helburu.

1932ko urriaren 2an, Polikarpo Larrañagak, Eusko Langileen Alkartasuna (ELA) sindikatuari lotutako apaizak, eta Frantzisko Basterretxeak, 1936ko Estatutuaren sortzaileetako batek, Bermeoko Tostartekoen Elkartea eratu zuten. Erakunde horrek arrantzaleen eta armadoreen arteko harremanak leundu nahi zituen, lankidetza sustatu eta arrantza-sektorearen arazoak konpontzeko egitura sindikala bultzaturik. Ekimenak harrera bikaina izan zuen Bizkaiko kostaldean, eta 2.000 afiliatu inguru izan ziren Lekeition, Ondarroan eta Bermeon.
Polikarpo Larrañaga pertsona esanguratsua izan zen XX. mende hasierako gizarte- apostolutzan eta euskal sindikalismoan. Tostartekoen Elkartean egindako lanaz gain, beste erakunde batzuk ere sortu zituen, hala nola Euzko Toztarteko Bazkuna, Ondarroan, 1932ko irailean eta Euzko Nekazarien Bazkuna, 1933an, lehen sektoreko euskal langileen interesak defendatzeko xedez.
Sindikatu-sail horiek irtenbidea eskaini zieten sasoi hartako eredu zentralista eta langileen mugimenduei, eta langileen interesek nahiz enpresaburuenek bat egin zezaten ahalegindo ziren, bitarteko bidea proposatuta, eskualde horretan gero eta mobilizazio sozial eta politiko handiagoa zegoen inguruabarrean.
Frantzisko Basterretxea abokatuak, Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinema-zuzendariaren aitak, Euzko Gaztedi sortu zuen jaioterrian, Bermeon. Diputatu izan zen Jose Antonio Agirrerekin batera, eta Eusko Ikaskuntzako nahiz Bergarako 1930eko Kongresuan sortu zen Autonomia Batzordeko kide izan zen. Polikarpok bezala, itsasgizonen arazoen inguruko kezka handia agertu zuen.
Bermeoko Tostartekoen Elkartearen sorrera euskal sindikalismoak antolakunde autonomoagoak eta tokiko egoerara egokituagoak eratzeko izan zuen bilakaeraren adibide garbia dugu, aurrekari bikaina ezarri zuela Euskal Herriko langileen antolaketan.