Efemeridea 2022ko otsailaren 10a

Julio Jauregi Lasanta, parlamentaria eta euskal negoziatzailea

Gaur, otsailak 10 dituela, 41 urte bete dira Madrilen hil zenetik.

Julio Jauregi Lasanta, parlamentaria eta euskal negoziatzailea

Julio Jauregi Lasanta Bilbon jaio zen, 1910eko urtarrilaren 7an. Gloria Alonsorekin ezkondu zen eta senar-emazteek bi seme izan zituzten, Julio eta Xabier. Zuzenbideko lizentzia atera zuen Deustuko Unibertsitatean eta abokatutzan jardun zuen lan-arloko gaietan.
Ekintza Katolikoaren eta ELA sindikatuaren hedatzailea izan zen eta, Euzkadi egunkarian, lanari buruzko saila zuzendu zuen. 26 urte zituela, Gorteetarako diputatu hautatu zuten, Bizkaiko ordezkari, Jose Antonio Agirre eta Eliodoro de la Torrerekin batera. Ganbera horretan, Euskal Estatutua aldeztu zuen. 1936ko altxamendu militarraren ondotik, Bizkaiko Defentsa Batzordeko Industria sailburu hautatu zuten.


Geroago, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako aholkulari juridiko izendatu zuten. Gerra garaian, presoen trukeak bideratzen saiatu zen. Eta euskal lurraldea galdu ostean, Eusko Jaurlaritzak Bartzelonan zeukan ordezkaritzako idazkari nagusi izendatu zuten. Gerraren amaieran, Parisera joan zen eta euskaldunen emigrazio-zerbitzuetako buru izendatu zuen Agirre lehendakariak.


1942an, Mexikora iritsi zen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako idazkari eta Euzko Deya egunkariaren zuzendari izendatu zuten. 1946an, EAJ-PNV alderdiaren zuzendaritzak agindutakoari jarraiki, Iparraldera bizitzera joan zen eta EAJren idazkari tekniko eta Alderdi egunkariaren zuzendari izendatu zuten. 1952tik 1976ra, gogozko alderdikide gisa parte hartu zuen hainbat eginkizunetan.


Diktadorea hil eta gero, 1976ko abenduan, euskal negoziatzaile aukeratu zuten Adolfo Suarez presidentearen gobernuaren aurrean, eta, bereziki amnistiaren legea eta alderdien legeztatzea izapidetu zituen. 1979an, senatari hautatu zuten.


Argazkiak: Julio Jauregi Lasanta eta “Julio Jauregi, parlamentaria eta euskal negoziatzailea” liburuaren azala (Alderdi Argitaldariak argitaratuta eta Iñaki Anasagastik koordinatuta).