Efemeridea • 2026ko irailaren 7a
Juan Bautista Bilbao Elgezabal "Batxi", euskal idazlea eta marinela
Lehen Mundu Gerraren bueltan, euskal itsasgizonen bizitzaren testigantzaren berri ematen diguten testu bikainen egilea izan zen.
Juan Bautista Bilbao Elgezabal "Batxi", euskal idazlea eta marinela
Bizitzaren gehiena Gernikan eman zuen arren ¾bertako batzokian afiliatuta zegoen eta harremanak izan zituen Sabino Aranaren ingurukoekin¾, Arratzun jaio zen, 1887ko irailaren 7an, familia xume batean.
Irakurle amorratua zen, gazte-gazterik hasi zen itsasoan lanean eta mutil-nagusi edo «hornikari» legez jardun zuen hainbat itsasontzitan. Hamazazpi urte inguru eman zituen itsasoan.
1913 eta 1916 urteen artean, hainbat kronika eta testu autobiografiko eta sozial idatzi zituen, batez ere, Euzkadi egunkarian, batzuetan Batxi ezizenez sinatuta eta, aberriaren aldeko testuetan, Jon Ugutz ezizenez. Testu horiei esker, Juan Bautistaren beraren eta euskal marinelen urte haietako bizipenak eta inguruabarrak ezagutu genituen.
Mendatako Jesusa Zabala Bilbaorekin ezkondu zen, hiru alaben aita izan zen, eta 28 urterekin hil zen Batxi, 1916ko urtarrilaren 16an, hain zuzen, egun horretan zihoan itsasontziak Bizkaiko golkoan mina bat jo eta hondoratu zelarik. Lehen Mundu Gerraren esparruan hil zen, Espainiako Estatuaren neutraltasuna zela eta, euskal merkataritza-ontziteriak itsas trafiko handia garatu baitzuen gerran parte hartu zuten herrialdeekin, batik bat, Britainia Handiarekin. Horrelako bidaien arrisku handiaren zioz, hainbat itsasontzi galdu eta gizabanako ugari hil ziren. Bistan denez, Batxi itsas jarduera arriskutsu haren biktimetako bat izan zen.