Efemeridea 2025ko irailaren 30a

Jean-Baptiste Ernest Lacombe, monumentu historikoen arkitektoa

Biarritzen jaio zen, 1854an, eta Bouliacen (gaur egungo Akitania Berria) hil, 1922an.

Ernest Lacombe. Ernest Lacombe.

Gaurkoa lako egun batean, 1922an, Jean-Baptiste Ernest Lacombe arkitekto lapurtarra zendu zen Bouliac herrian (gaur egun, Akitania Berria). Jean-Baptiste Biarritzen jaio zen, eta Jean-Antoine Prosper Lacombe arkitektoaren eta Clémence Sallesen semea izan zen. Parisko Arte Ederretako Goi Eskola Nazionalean ikasi zuen, 1876an bertan hasi zelarik.

Monumentu historikoetan espezializatutako arkitektoa izan zen, Bordelen hainbat lanetan aritutakoa, baina lotura estua izan zuen beti Biarritzekin eta Ipar Euskal Herriarekin. Lacombreren lanetan, eklektizismoaren eta neogotikoaren (kasu gutxi batzuetan) aztarnak antzeman daitezke, eta tokiko eraginak ere nabarmenak dira (euskal eta normandiar moldeak…).

Iparraldean eginiko lanetan, aipagarriak dira, besteak beste, Santa Eugenia eliza, molde neogotikokoa, Lacombe Arkuak (merkataritzako establezimenduz egokitutako arkupeak), edo Bidartea etxea, guztiak Biarritzen; Zuhaizti jauregia, Arrangoitzen; Préville gaztelua, Orthezen. Bestalde, hainbat lanetan parte hartu zuen Bordelen, Charles Durand hiriko arkitektoarekin, hala nola, Merkataritza Ganberan eta Bordeleko Antzoki Handian.