Efemeridea 2020ko apirilaren 28a

Jacques Maritain (1882- 1973), euskaldunen laguna

Eragin nabarmena izan zuen euskal abertzaletasunaren ideario politikoan Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren artean.

Jacques Maritain (1882- 1973), euskaldunen laguna

Gaurkoa lako egun batean, 1973ko apirilaren 28an, Jean Maritain pentsalaria hil zen Frantziako Tolosan, 91 urte zituela. Maritain Demokrazia Kristauaren ideologoa izan zen eta EAJ-PNV mugimendu politiko horri atxikita dago. Hain zuzen ere, Europako Demokrazia Kristauaren hazia izan ziren Nazioarteko Talde Berrien sortzaileetako bat izan zen Euzko Alderdi Jeltzalea.


Maritain emari handiko iturria izan zen euskal ideologo eta buruzagi abertzaleentzat, batik bat, Gerra Zibiletik Bigarren Mundu Gerrara joandako urteetan. Izan ere, EAJren urte horietako bilakaera ideologikoa guztiz bat zetorren filosofo frantsesaren diskurtsoarekin.


Jacques Maritain euskal auziaren “bozgorailua” izan zen eta bitartekari jardun zuen Vatikanoaren aurrean frankismoaren garaian. Bere ikuspegia, gerraren aurreko jarrera eta euskal abertzaleei emandako babesa arnasbide bikainak izan ziren. Maritainen jarrera ausartaren ondorioz, intelektual katoliko eta kristau-ildoko alderdi askok utzi zioten frankisten alde egiteari, ez zutelako Francorengan katoliko bat ikusten, faxista bat baizik.


1938ko abenduan, Parisen sorturiko Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligan ere gogotik parte hartu zuen, helburu garbi bati helduta: “Euskal herritarrei laguntzea erbestean, euskal kultura ezagutaraztea eta Euzkadiko autonomia berrezartzen laguntzea”.


Karmelo Sainz de la Mazak egindako ondoko erreportajean (Deia, 2015-01-03), euskal abertzaletasunaren eta Jacques Maritainen pentsamenduaren arteko loturak ulertzeko gakoetako batzuk aurki ditzakegu.